Hondarribiko aireportua urte historikoa egiteko bidean doa. Inoizko urririk hoberena itxi berri du 49.476 bidaiariekin, 2025eko hilabete bera baino %13,9 gehiago eta 2023ko urriko marka historikoarekin alderatuta %9,8 gehiago. Orain arte 45.049 erabiltzailekoa baitzen duela hiru urteko markarik onena. Aireportuak jasotako hegaldi operazio kopuruetan ere nabarmena izan da udazkeneko lehen hilabetea. AENAk plazaratutako datuen arabera, 674 lurreratze eta aireratze mugimendu egin baitira, iazko urriaren aldean %8,7 gehiago.
Datu hauei esker, urte oso bateko bidaiarien marka historiko onena gainditzeko egoeran aurkitzen da. Nolanahi ere, 2024an jasotako 486.494 bidaiarien marka gaindituko ez balu, hurbil geratuko da ziurrenik. 2026 urtea amaitzeko bi hilabete falta diren honetan, aireportuak dagoeneko 422.076 bidaiari jaso ditu, aurreko urteko aldi berean baino %3,3 gehiago, eta 2024ko hamar hilabete horietan lortutako 421.989 bidaiarien langaren gainetik.
Marka historiko guztiak apurtu ahal izateko, 66.600 bidaiari gehiago lortu beharko lituzkete urte amaiera bitartean. Iazko azaroan eta abenduan 64.059 bidaiari jaso zituen, beraz, azken hilabeteetako joera berdina bada 2026an bidaiarien trafikoan errekor berria ezarri dezake Hondarribian. Kontuan hartu behar baita, urrian datuek hobera egin badute, Volotea konpainiak iraila bukaeran abian jarritako Florentziara (Italia) hegaldia hilabete osoa martxan izan den lehen aldia izan dela. Eta Sevillako hegaldia ere, aireportuko eskaintzan berriro sartu berri dutela.