Hondarribiko Udalak demokrazia parte-hartzailean sakontzeko hitzaldia antolatu du

Gizarte gero eta polarizatuago batean, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da demokrazia indartzeko. Horretarako, ezinbestekoa da iritzi desberdinak entzutea eta elkarrizketarako guneak sortzea.
Ildo horretan, Hondarribiko Udalak «Demokrazia parte-hartzailea polarizazio-egoeretan» hitzaldia antolatu du.Ekimenaren bidez, herritarrek erabaki publikoetan parte hartzeko tresna eta metodologia berriak ezagutuko dituzte.Hitzordua azaroaren 20an izango da, Itsas Etxea auditoriumean. Estitxu Urtizberea eta Garoa Lekuona Hondarribiko  udal gobernuko ordezkarien adierazpenak jaso ditugu

Hondarribiko Udalak «Demokrazia parte-hartzailea polarizazio-egoeretan» hitzaldia antolatu du azaroaren 20rako, herritarren parte-hartze demokratikoa sustatzeko eta erabaki publikoetan herritarren ahotsa txertatzeko helburuarekin.

Saioan, gai konplexuen inguruan elkarrizketa sustatzeko, iritzi desberdinak ezagutzeko eta adostasunak eraikitzeko metodologia berriak aurkeztuko dira. Horretarako, Europan eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Hitzaldian Oliver Escobar Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak nazioarteko esperientziak azalduko ditu, eta Naiara Goiak, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak, Euskadin garatutako ekimenak aurkeztuko ditu. Saioa Arantxa Mendiharat Deliberativaren sortzaileetako batek gidatuko du.

Udalaren arabera, ekimenaren bidez herritarrek demokrazian izan dezaketen protagonismoa indartu nahi da, bereziki gizartean eztabaida eta iritzi kontrajarriak sortzen dituzten gaien aurrean. Horrez gain, hitzaldiaren amaieran, herritarrek Hondarribiko zein gai edo erronkatan erabil daitezkeen metodologia horiek proposatzeko aukera izango dute.

Hitzaldia azaroaren 20an, ostiralean, izango da, 18:00etan, Itsas Etxea auditoriumean. Euskaraz eta gaztelaniaz egingo da, aldibereko itzulpen-zerbitzuarekin.