Jasotako lan kopurua hirukoizteaz gain, Bordari-Satarka lehiaketaren maila goratu egin da Euskara Zerbitzuaren arabera

Aurten 42 lan aurkeztu dira orotara, eta Ainara Elizondok, Aritz Galarragak, Mikel Arruabarrenak eta Peio Otxotekok osatutako epaimahaiak lanen maila ona azpimarratu du. 41. edizio honetan Goiatz Labandibar oiartzuarrak irabazi du narrazio laburren Bordari Saria, eta Imanol Sorondok, berriz, olerkiena (Satarka). Sari ekonomikoak bikoiztu egin dituzte aurten, eta Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak literatur lehiaketa indartzeko egindako apustuak jaso duen erantzunarekin pozik azaldu da Garoa Lekuona zinegotzia. Abenduaren 13an egingo dute sari banaketa ekitaldia Kultur Etxean.

Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabilera bultzatu, idazle berriak sortu, idazteko zaletasuna eta literatur sorkuntza suspertzeko asmoz antolatzen duen Bordari-Satarka Literatur Lehiaketak parte hartze nabarmena izan du aurtengoan. Eta Garoa Lekona Euskara saileko zinegotziak aurkeztutako lanen maila ona azpimarratu du. «Azken urteotan lehiaketari buelta bat emateko lanean aritu gara, eta egindako ahaleginak emaitzak eman ditu», esan du EH Bilduko ordezkariak.

Iaz lehiaketaren 40. edizioa ospatzeko deialdia indartu eta irudia berriztatu zuten. Maore Sagarzazuk egindako logoa estreinatu zuen Bordari-Satarka Literatur Lehiaketak bere 40. urtemugan. Eta orain artean saritutako lan guztiak biltzen dituen bilduma argitaratu zuten. Alde horretatik, Hondarribian literatur sorkuntza eta euskarazko literatura sustatzen jarraitzeko apustua egin dutela nabarmentzen du Lekuonak. 

Ildo horretatik, aurtengo Bordari-Satarkan bi berritasun izan direla zehaztu du. Batetik, irabazleentzako sari ekonomikoa nabarmen hazi da, eta bestetik lehen aldiz saridunek Hondarribiko artista batek egindako oroigarriak jaso dituzte, Josune Iridoik egindakoak. Horiek denak abenduaren 13an (11:30ean) Kultur Etxean egingo den sari banaketa ekitaldian ikusi ahal izango dira. Sarien aurrekontua bikoiztu egin du udalak aurten, gogoan hartu behar baita, azken urteetan lehen saria 800 eurokoa zela, eta 400 euroko bigarrenaz gain, herriko onena edo Hondarribia Saria ere banatzen zutela, beste 400 eurokoa. Aurten Euskara Sailak apustua egin du, eta 1.500 eta 1.000 euroko sariak banatuko dizkie lehen bi lan onenei, hala Bordari (ipuin), nola Satarka (olerki) kategorietan, eta Hondarribia Sariak 500 eurokoak izango dira. 

Aurtengo lanik onenak

41. edizio honetan, Goiatz Labandibar oiartzuarrak bere egin du narrazio laburren Bordari saria. Imanol Sorondok, berriz, olerkien Satarka irabazi du. Ainara Elizondok, Aritz Galarragak, Mikel Arruabarrenak eta Peio Otxotekok osatutako epaimahaiak hartu du erabakia, eta aditzera eman dutenez, iaz baino zailtasun gehiago izan dituzte erabakitzeko, baita lan gehiago ere. Izan ere, bi sariketetara 42 lan aurkeztu dira denera, iazko kopurua hirukoiztuta.

Hona hemen aurtengo Bordari-Satarka literatur lehiaketaren palmares osoa:

Bordari Saria

  • Lehen saria (1.500 euro eta oroigarria): Goiatz Labandibar Arbelaitzentzat, Itzala lanagatik.
  • Bigarren saria (1.000 euro eta oroigarria): Maria Iribar Larrañagarentzat, Mozorrotuta lanagatik.
  • Hondarribia saria (500 euro eta oroigarria): Eneko Haritza Garaialderentzat, Gela hutsa lanagatik.

Satarka Saria

  • Lehen saria (1.500 euro eta oroigarria): Imanol Sorondo Baltasarrentzat, Kelipsea lanagatik.
  • Bigarren saria (1.000 euro eta oroigarria): Amaia Mariezkurrena Serranorentzat, Lotura iraungiak lanagatik.
  • Hondarribia saria (500 euro eta oroigarria): Oihana Aranburu Balerdirentzat, Halabeharrari lanagatik