Igo Bolumena Irun egitasmoaren protagonista izango da oraingoan Burokku izeneko lana, Rams/Uwaprods bikotearen ekoizpena. Egoi Urrutia (Rams) eta Ugalde arduratu dira proiektu honen sorkuntza eta zaintza guztiaz. Diskoa Irungo Alde Zaharrean, Peña kalean kokatutako entsegu-estudioan grabatu eta landu dute. Bertako giro urbanotik eta bi sortzaileen estilo propioetatik edaten duen proposamen musikala da. Irunen sortutako ekoizpen garaikidearen adibide nabarmenetako bat dugu
Onavibe Bidasoaldean sortutako lau kideko musika taldea da, Rocka oinarri hartuta Soula eta Popa uztartzen dituen soinu pertsonal eta berritzaile batekin. Vanessa Martinen ahots bereziak, Arturo Jimenezen gitarra distiratsuek, Francisco Javier Aizpuruaren baxu sendoek eta Borja Alberdiren bateria indartsuek osatzen dute taldea. Jam session-etan ezagutu eta Psilocybe musika etxean elkarlanean hasi ziren 2023an. Zuzeneko musika maite dute eta esperientzia horretatik sortu dute lehenengo diskoa, Mio, 2025ean grabatua Garate Studios ospetsuan. Onavibe esperimentazioaren eta emozioaren bidez bere nortasuna musikara eramaten duen taldea da
Elutxa Txarangak 10 urte bete zituen 2023an, eta ospakizun berezi gisa “TTAK!” izeneko 11 abestiko diskoa grabatu dute. Bertan txarangako eta inguruko konpositoreen lanak zein hainbat bertsio aurkituko ditugu, betiere euren doinu alaien ukituarekin. Lan berria gure esku-belarrietara iritsi berri da eta irratsaioan Joseba Bertiz eta Bixen Telletxea izan ditugu.
Besarka 2023an sortutako hirukote musikala da, Sergio Ordoñez “Patxuko”, Alex Terrones “Terri” eta Ibai Larralde musikariek osatua, Patxuko Nice, Joxe Ripiau edo Marmoka bezalako taldeetan bildutako esperientziatik abiatuta proiektu berritzailea sortu dutenak. 2024an “Beharrezkoa” izeneko lehen EP-a kaleratu zuten, pop, reggae eta ska doinuak uztartuz, eta estilo anitzek zein eszenaratze bereziek ikus-entzuleak berehala harrapatzen dituzte; gaur, haien ibilbidea, musika eta etorkizuneko planak ezagutzeko aukera izango dugu.