Irungo San Migel eta Larrendi auzo elkarteek euren Auzo Plana osatu aurretik, Katea-Bentak auzoko bizilagunek 2010-2016 urteen artean aintzindari izan ziren eskualdean halako prozesu partehartzaileak martxan jartzen. ‘Auzoa Amesten’ egitasmoa aurrera eraman zuten garai hartan, eta garai haietan zintzilik geratu ziren gauzak, eta behar berriak identifikatzeko bigarren Auzo Planari ekin diote Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin. Azaroaren 1ean besta eguna antolatu dute auzoan, orain arte egindako lana aurkezteko, eta auzotarren artean partekatzeko.
Hainbat dira Landetxa auzo elkartean bildu dituzten ekarpenak orain arte. Eta lehentasunetan emana dute Irunzurtzar berdegunea, “auzoko bakarra, gaur egun bilakatua den txakur kakategia pertsonentzat berreskuratzea”. Maider Martiarena, Landetxa auzo elkarteko presidentak argitu digunez, zenbait proiektu auzolanean egin daitezke, baina beste askok agintarien borondatea eta inbertsioak eskatuko dituzte. Halere, auzo planak eraginkorrak direla baieztatu ahal izan dute. Batetik, herritarrak ahalduntzen dituelako, eta bestetik, aurreneko planari esker zenbait hobekuntza lortu dituztelako. “Hirigintza konplikatua izan daiteke, baina teknikoen laguntzarekin denok izan dezakegu aukera ulertu eta ekarpenak egiteko”, defendatzen du.
Horiek hala, badituzte eskaera gehiago. Haien artean Katea auzoaren mugak eta berezko nekazal izaera aldarrikatzen dituztenak. Joan den udako Irungo Euskal Jiran iada, auzoak aurkeztutako gurdian aldarrikapen keinua egin zuten Enparan baserria babestu eta Gaintxurizketak auzoan suposatzen duen muga salatzeko. “Errepidearen bestaldera dena ez da Hondarribia, Katea-Bentak ere bada, baserri eremua eta maitatzen eta babesten ez badugu, industria edo batek daki zein proiektu egin dezakete bertan”, ohartarazi du Martiarenak.
Auzo bizia, ekipamendu eskaxak
Katea auzo bizia da, eta 4.000 biztanlerekin, Porcelanaseko promozioak 300 etxe berri ekarriko ditu aurki. Kultur eta kirol ekipamenduen aldetik dagoeneko, eskax direla salatzen dute, baina dituzten baliabideei ere behar zukua atera nahian, Landetxa auzo elkartean duten liburutegiaren erabilera bultzatu nahi dute. Aurtengo udal aurrekontu parte-hartzaileetan, Irungo CBA udal liburutegia auzoetara deszentralizatzeko eskaera luzatu dute Oiasso auzo elkarteen federaziotik. Baina hau ez da bozkatua izan.
Halere, ez dute etsiko, eta euren Auzo Plan berriak ere halako ekimenak aintzat hartuko ditu. “Urrun dauden auzoek beharrak dituzte, eta erdigunera hurbildu behar izan gabe, aukera desberdinak aztertu beharko lirateke”, uste du Maider Martiarenak.