Aitziber Arruabarrena eta Alaine Aranburu

«Badirudi gaztetxe batean ez dela posible sexu erasorik gertatzea, baina Lakaxita gizartearen parte da»

Koldo Nausia 2023ko urr. 26a, 17:01

Irungo Lakaxitak ateak zabaldu ditu berriz ere, baina uztailaren 8an emandako bortxaketaren ondotik “ez deus gertatu ez balitz bezala”. Azaroaren 12an sexu erasoak prebenitzeko eta haiei erantzuteko protokoloa sortzeko prozesuari ekingo diote Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin.

Joan den uztailaren 8an bortxaketa bat izan zen Irungo Lakaxita Gaztetxean. “Intentsitate handiko erasoa” gaztetxeko kideek aitortu dutenez. Hau salatu egin zuen gazte asanbladak, eta erasoa jasan zuen emakumeari elkartasuna adierazteko eta erasotzaileri nazka erakusteko, 200 lagun inguru bldu ziren San Juan plazan uztailaren 22an.

Egun batzuk behar izan zituzten gertatutakoa liseritu eta erantzun egokiena emateko. Gazte Asanbladak onartu egin zuen “erasotzaileak gure artean” zituztela. Aurretik ere, mikromatxismoak identifikatu eta zenbait jarrerei neurri hartzen saiatu izan badira ere, “eraso sutilagoak gertatu izan dira, baina hau izan zen azkenekoa, eta erabaki genuen itxi behar genuela eta hausnarketa prozesu batean sartu”, dio Aitziber Arruabarrena Lakaxitako kideak. 

Barne hausnarketa bat hasiko zutela iragarri zuten Lakaxitako “gune askea birpentsatzeko”. Izan ere, aitortzen dutenez, “badirudi gaztetxe batean ez dela horrelakorik gertatzen, baina gizartearen isla bat da Lakaxita ere”.

Ateak itxi egin zituzten. Eta urriaren 14an berriz ere martxan jarri dira, “mantso eta ordutegiekin zorrotz jokatuz”. Izan ere, ez dute deus gertatu ez balitz bezala ateak berriz ere zabaldu. Joxemi Zumalabe Fundazioarekin harremanetan jarri ziren, eta sexu erasoak prebenitzeko eta haiei erantzuteko protokoloa sortzeko laguntza eskatu diete. “Hausnarketa taldean eta indibidualki ere egin beharra dagoela pentsatu dugu”, diote gazte asanbladako kideak.

«Ohartu gara hausnartu beharra genuela. Bai taldean, bai indibidualki»

Hartara, 3 orduko lau saio egingo dituzte, (lehenengo biak ez mistoak) gaztetxean bertan. Lehenbizikoa azaroaren 12an izango da, 10:00etan gizonezkoentzat eta 16:00etan emakumezkoentzat. Eta bigarrena abenduaren 16rako prestatu dute, ordutegi berarekin. Hurrengo bi saioak mistoak izango dira, baina oraindik ez dute hitzordua finkatu. Helburuak, aldiz, argi dituztela aipatu digute gaur Goizeko Kafean gonbidatuak genituen Aitziber Arruabarrena eta Alaine Aranburuk.

Prozesuak luze joko du beraz, eta urtarriletik aurrera Lakaxitaren 20. Urtemugaren programazioa ere antolatu beharko dute. Prozesuari dagokionez, aldiz, asanbladako zein Lakaxitan dabilen norbanako eta eragile orori irekia da. Ahal bezain eraginkorra izan dadin nahi dute, emandako bortxaketaz gain, frogatua dutelako Lakaxita ez dagoela gizartean ematen den indarkeria matxistaz salbu.