EAEko Auzitegi Nagusiaren euskararen normalizazioaren aurkako azken epaiak hautsak harrotu dituela ikusirik, joan den urriaren 27ko udalbatzan EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekinek eraso horiek gaitzesten zituen mozio bateratua aurkeztu zuten, euskararekin duten konpromisoa berretsiz. Hari beretik, Euskalgintzaren Kontseiluak deitu, eta Txingudi bailarako euskalgintzak bat egin duten manifestaziora joateko deialdia babestu eta herritarrei mobilizatzeko deia luzatu du IRungo EH Bilduk ere.
Koalizio abertzaleak dio: "oldarraldi honen aurrean euskal instituzio orok duen erabakitzeko zilegitasuna aldarrikatu nahi dugu. Euskaldunok, kasu honetan udalen bitartez, gurea den hizkuntza babesteko eta bultzatzeko eskubidea dugu. Guztiok dakigu euskararen biziraupen eta indartzea arnasguneetan eta hizkuntzaren erabilgarritasunean daudela. Euskaraz bizi ahal izatean eta euskara bizitzarako erreminta baliotsu bezala baloratzean. Beraz, euskararen eta euskaldunen defentsan irmo jardungo dugula ozenki esan nahi dugu".