Real Unionek 3-0 gainditu zuen atzo Coruñako Deportivo talde historikoa Galeko zelaian. Lehen hogei minutuetan erritmo falta somatu bazuten ere, lehen golaren ondotik indarrez aritu ziren eta aurkaria baino gehiago izan ziren bukaera bitarte. Puntuak Irunen gelditu ziren berriz eta galiziarrak, beste behin ere, esku hutsik joan ziren etxera. Duela bi urte bezalaxe. 11 titulu bildu ziren atzo bi kluben artean, orain Federazio 1 mailan ari badira ere.
Fran Justoren taldeak azken 9 puntuetatik bakarra lortuta zetorren, baina kategoriako talderik onena da etxean, 6 partidetatik 5 garaipen eta berdinketa batekin. Hala, saiakera batzuen ondotik, 23. minutuan ailegatu zen Real Unionen lehen gola. Solísek area eskinetik jaurtiketa egin eta ate barrura bidali zuen baloia. Errenta gehiago handitzeko aukerak ere izan zituzten etxekoek, baina ez zuten asmatu eta 1-0ekoarekin ailegatu zen partidua atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ondotik txuribeltzek zelaian nagusi izaten jarraitu zuten, eta bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola lortu zuten etxekoek. Eimilek aurkariaren defentsa gainditu eta baloia erdiratu zuen. Paris Adotek orduan, bere atean baloia sartu eta 2-0ekoa ipini zion talde txuribeltzari markagailuan. Hori gutti balitz, 55. minutuan, Solísek bere bigarrena sartu zuen, taldeko hirugarrena. Oyarzunek egin zion erdiraketa eta andaluziarrak ezin hobe errematatu zuen. Oraindik ere gol gehiago sartzeko abaguneak izan zituen Real Unionek bukaeran.
Deportivo gaindituta, sailkapenean seigarren postuan kokatu da talde irundarra, 19 punturekin. Taldeak orain kanpoan dituen arazoak konpondu nahi ditu. Fran Justo entrenatzaileak aitortu du "eman beharreko hurrengo urratsa dela". Horretarako, lanean segituko du aste honetan zehar. Larunbatean, azaroaren 11n, Cornellá bisitatuko dute 16:00etan. Eta astebete beranduago, beste talde handi baten bisita errezibituko dute Galen, Tarragonako Nastic.
Jon Irazustabarren 'Txusta' atezain eta kapitainarekin, eta Igor Eremy presidentearekin mintzatu ginen partida ondokoan.
(Argazkia: Real Union)