Segurtasuna eta bizikidetzarako plan estrategikoa premiazkoa da EAJren arabera

Antxeta Irratia 2023ko aza. 10a, 14:04

Hauteskundeen ondotik berretsi gabe zegoen Segurtasun eta Bizikidetza Batzordearen Ituna behin berrituta, 2023-2027 plan estrategikoaren oinarriak herritarren parte-hartzearekin lehenbailehen ezartzeko eskatu du Irungo EAJk. Ituna adostu zenetik, 14 hilabeteotan alkateak Batzorde Iraunkorrik ez duela deitu salatu dute. 

Segurtasun eta Bizikidetza Batzordearen Ituna berritu zezala galdegin zion EAJk Jose Antonio Santano alkateari joan den irailan. Izan ere, hauteskundeen ondotik korporazioa osatzen duten 25 hautetsietatik %40a berria da. Eta indar politikoen korrelazioa aldatu denez, ezinbestean berretsi beharra zegoen batzordeak aurrera egin zedin. Hala, berantarekin bada ere, talde jeltzalea pozik agertu da Bizikidetza eta Segurtasunerako Itunaren berritzea martxan jarri delako.

Dena dela, “paper hutsean” gera ez dadin, hasiera batean aurreikusten zen hiruhileroko maiztasunarekin biltzeko egutegia aktibatzeko “lidergo politikoa” exijitu dio alkateari Xabier Iridoy EAJ udal taldeko bozeramaleak. Haatik, "14 hilabete esperoan egon ondoren", ez da oraindik Batzorde Iraunkorrik deitu. Hori dela eta, EAJtik formalki eskatu diote alkateari, “gutxienez, Batzorde honen lehenengo bilera deitzeko konpromisoa bete dezala”.

Jeltzaleen bozeramaleak azpimarratu du, EAJk argi duela Irungo segurtasuna eta bizikidetza lehen mailako gaiak direla. Eta bere taldeak neurriak hartzeko plan baten beharra aspaldidanik aldarrikatu izan duela gogoratu du. Izan ere, jeltzaleek 2019an proposatu zuten lehen aldiz batzorde iraunkor honen beharra. “Egoera kritikoak eman dira Irunen, eta denon adostasuna beharrezkoa da, maila politikoan ez ezik, gizarte zibilarekin kontatuz ere, proposamenak egin, adostu eta neurri politiko eta polizialak hartzeko”, argitu du.

Era Berean, Gizarte Zerbitzu, Prebentzio Komunitario edota Udaleko Hezkuntza arlotik ere, zeharkako lana eta inplikazioa garrantzitsua izango dela ohartarazi du, “segurtasunak eta bizikidetzak erpin asko” dituelako.