Pabilioi erabilanitza "arazo berrien iturri bilaka ez dadin" aurreikuspenez lan egiteko eskatu du EH Bilduk

Koldo Nausia 2023ko aza. 14a, 12:57

Koalizio abertzalea "pozik baina arduratuta" agertu da Ficobako kanpoaldeko aparkalekuan egin nahi den proiektua diruztatzeko lehen urratsak eman direlako. Baina 10.000 ikusleren joan-etorrien trafikoak bideratzeko aterabideak batetik, eta Irungo herritar zein kirol klub askok bizi duten espazio falta ere aintzat hartu beharra dagoela oroitarazi du.

Atzo Irungo udal gobernuak bere aurrekontu proiektuan bezala, joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duen zenbait urteetarako 14 milioi euroko diru partidak (2024rako 50.000 euro), Ficobako kanpoaldeko aparkalekuan eraiki nahi den 10.000 ikusleentzako pabiloiaren proiektua, asmoetatik ekintzetara eramateko aukera dagoela erakutsi du. Irungo EH Bilduk pozik azaldu da berri honekin.

Ane Unanue hautetsiak azpimarratu duenez, aspaldidanik eskatu izan dute "Irunen agerikoa den kirol instalazioen defizitari erantzuteko" halako proiektu baten beharra. 2022ko udal aurrekontuetan diru partida bat ere aurkeztu zuten horretarako, baina garai hartan ez zen onartua izan. 

Lehen eta bigarren mailako kirol eta klubak

EH Bilduren ustetan, "berri pozgarria da, baina kultur ekitaldietarako bezala, Bidasoa Irun eskubaloi taldeak  Europan jokatu ahal izateko instalazioa bilakatzeaz gain, asmo handiagoko kirol ekipamendua beharko luke izan". Gaur egun kirol instalazioak hobetzeko hainbat proiektu ditu udalak. Hauek zerrendatu ditu Unanuek, oroitaraziz, Azken Portu kiroldegia handitzea, Artalekukoa berritzea, Plaiaundiko atletismo pistak Txenpereneara lekuza aldatzea edota Landetxa-Katea auzoko instalazioak hobetzea daudela aurreikusita. Baina "herritarren kirol jarduera bermatzeko bezala, klub asko daude egunerokoan zailtasunak dituztenak espazio egokien faltagatik", argitu du.

Horietariko batzuk Antxeta Irratian (Kiroletik saioan) eman dute urteotan bizi dituzten zailtasunen berri. Txingudi Egaindar eskubaloi taldeak Leka-Enea ikastetxean entrenatu beharretan ikustea, baita Club Ciclista Irunes ere, Erroibide saskibaloi taldeak Oiartzunen entrenatzea, Lur-Alai Squash klubak salatu izan duen Artalekuko pista eskaxak edota gimnasia erritmikoko taldearen espazio falta dira, besteak beste, horietariko batzuk. Bidasoa Atletiko Taldearen Plaiaundiko pisten 25 urte baino gehiagoko aldarrikapen historikoarekin batera. 

Hau guztia kontuan hartuta, "lehentasunak markatu behar dira" EH Bilduren arabera, eta horretarako urtez-urteko plangintza egin dezala galdegin dio udal gobernuari. "Bestela, Bidasoak pabiloi berria izango du, eta ongi dago, baina lehen eta bigarren mailako klubak egongo dira Irunen", ohartarazi du Ane Unanuek. 

Trafikoa arazoari so egin

Bestalde, pabiloi erabilanitzaren proiektuak arazo zenbaitzuk konponduko baditu, "arazo berriak sortu" ditzazke trafikoari dagokionez.  Izan ere, Santiago Zubia-Ficoba-Kostorbe sarbideko GI-636 barianteko errepideak gaur egun bizi ohi duen trafiko handia aintzat hartuta, "10.000 ikusle bildu dezakeen pabiloi erabilanitz bat eraiki baino lehen, arazo berriak sahiesteko"  aurreikuspenez lan egitea eskatu du koalizio abertzaleak. Gaur egun  batez bestean egunero 22.000 autok zeharkatzen dute Santiago Zubia eta Ficoba paretik. Eta azoka egunetan zailtasun handiak sortzen direla gogoratu du hautetsiak.

Pabiloi erabilanitzak enbutua are gehiago estutuko luke haien ustetan, konponbide bat dena, arazo gehigarria bilakatuz. Garraio publikoa, Euskotren eta autobus zerbitzuak indartzearekin ez da nahiko izango EH Bilduren arabera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza beharrezkoa izango da, errepidea bikoizteko. Hautetsiaren arabera "ezinbestekoa".