Indarkeria matxistaren biktima guztiak gogoan hartuz, memoria ariketa eraikigarri baten egiteko deia luzatu du Asun Casasolak

Koldo Nausia 2023ko aza. 15a, 12:39

Nagore Laffage 2008ko sanferminetan ezetz esateagatik erail zutenetik, haren ama Asun Casasolaren borroka eta kemena indarkeria matxistarik gabeko jendarte baten borrokaren ikur bilakatu da. Eredu honi aitortza eginez, 2013an sortu zuten Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren IX. edizioa, 'PLAZA BAT ZURE IZENEAN' goiburu duela, memoria ariketa izan dadila bilatzen dute. 

Aurreko 8 edizioetan 4.000 ipuin bildu dituzte Euskal Herritik ez ezik, espainiar Estatu zein Hego Ameriketatik ere gaztelaniazko kategorian. Dagoeneko bilduma pare bat argitaratu dituzte, baina urteotan ongi errotutako lehiaketak eragin duen ipuin bolumena ikusirik, bilduma argitalpen berri bat egiteko asmoa iragarri dute antolatzaileek. 

Bestalde, aurten ere, euskaraz zein gazteleraz bidali daitezke ipuin laburrak, eta helduen kategoriaz gain, hirugarren edizioaz geroztik sustatu duten bezala, 10-16 urtekoekin indar bat egin dute eskoletan, literatur lehiaketa izanagatik ere, sentsibilizazioa baitu helburu. Oihana Llorente Parean elkarte antolatzaileko kideak eman dizkigu xehetasun gehiago aurtengo deialdiaz. Azaroaren 25ean zabalduko dute lanak entregatzeko epea, Indakeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari keinu bat eginez. Eta sari banaketa martxoaren 7an (Martxoak 8aren atarian) finkatu dute, Irungo Kabigorrin egingo duten ekitaldian. 

Asun Casasola eskertua azaldu da beste behin ere Parean elkartea eta ipuin lehiaketaren antolatzaile diren neska gazteen ekimenak jarraipena duelako. Sentsibilizatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du, eta bera ere horretan ari dela burubelarri. "Zorte txarra izan nuen, tokatu zitzaidan, baina modu eraikigarrian borrokan jarraitu behar dugu gizarte hobeago bat lortzeko", dio. Ildo horretan, urtero ikastetxez-ikastetxe dabil bere esperientziaren berri eman eta eskolartekoak sentsibilizatzen. Iaz 105 ikastetxetan izan zen, eta ikasturte honetan dagoeneko 75 saio lotuak dituela iragarri digu Casasolak. 

Xehetasun gehiago eta lehiaketaren baldintzak jakiteko sartu www.asuncasasolaipuinak.eus