Jende guztiak, gutxi-asko, jokatu du noizpait bideojokoetan. 80. hamarkadan aurreneko Spectrum ordenagailuak edota Atari kontsolak merkaturatu zirenez geroztik, euskarri eta jokoen teknologiaren garapena azkarra izan da. Nintendo, Segaren garaietatik, ordenagailuetarako zein smartphonetarako espreski sortutako jokoetan, gaur egun zernahi proposatzen ahal digute.
Bidenabar, sarean ala norbere pantailaren aurrean, “ume edo gazteentzako dela irudi dezake”, baina errealitateak dio helduen aisialdi ordu asko ere kontsumitzen dituen sektorea dela, orohar. Dagoeneko entretenimenduak eragindako negozioaren %42a suposatzen du mundu mailan. Zinemagintzak eta musikagintzak elkarrekin baino negozio bolumen handiagoa mugitzen du sektoreak, orotara, 5.421 milioi euro 2022an. Marka berri bat. (TheObjectiv arabera)
Made in Euskal Herria
Haatik, ez dago Japonia, Txina edota Estatu Batuetara joan beharrik multinazionalen eskutik. Gainerako ikus-entzunezkoen produktuetan bezala, hauek euskaratzeaz gain, geroz eta gehiago euskal ekoizpen berriak ugaritzen ari dira. Horren irudiko dugu azaroaren 17tk 19ra Bizkaia Aretoan ospatuko den Euskal Game Jam maratoia. Euskal Herri osoko 20tik gora bideojoko garatzaile elkartuko ditu, prototipo berriak sortzeko helburuarekin. Euskarazko bideojokoen sektorea garatu nahian dabilen Game Erauntsia elkartea eta Ibai Aizpurua sortzaile irundarra dabiltza antolakuntzan, EHUren babesarekin. Eta maratoian sortuko direnak probatzeko aukera emango dute igandean 18:00etan ekimena bururatu bezain pronto, itch.io webgunean.
Ibai Aizpuruak Arte Ederrak ikasi zituen, eta animazioarekin interesa agertu zuen hastapenetik. Baina bideojokoen zale txikitatik, sorkuntza mundura jauzi egin zuen berehala hutsetik. “Unibertsitatean ez zuten sektore hau kontuan hartzen garai hartan, eta gaur egun ere, oso leku gutxi daude Euskal Herrian honetan formatu nahi duenarentzat”. Halere, gaur egun Zomorro Studioren arduraduna da irundarra, eta 2021eko Durangoko Azokaren IV. Sormen Beka lortu zuen (15.000 euro) orain artean sortu duen bideojoko oso bakarrari esker: “Barraka” izeneko haurrentzako fantasiazko puzzle abentura.
Artea eta kulturaren parte
Bideojokoak kultura direla aldarrikatzen du Aizpuruak. “Musikagintza edo zinemagintza bezala, bideojoko baten sorkuntzak ere jakintza asko menperatzea eskatzen du”, argitzen du, “noski, programazioa jokoaren tripak eta egitura garatzeko, baina oinarrian istorio bat dago ere, gidoia, pertsonaiak, irudien diseinua edota musikak ere bere garrantzia du”. Haren ustetan, bidejoko bat beste edozein kultur adierazpen bat bezalakoa da, sormena eskatzen duena, baina kontsumitzerako garaian erabiltzailearekin interaktiboa. Bere kasuan, musikarentzat Gonzalo Sardonen laguntza du.
Bideojokoak euskaraz
Gaur egun bideojokoetan ez ezik, gainerako aisialdi kontsumo euskarrien lehiakortasuna handia dela konsziente da. Eta “garai bateko harritzeko gaitasuna hein handi batean galdu” egin dugula. Baina duela zenbait hamarkada edozein hobekuntzaren aurrean txundituta geratzen ginen bitartean, aldiz, gaur egun zernahi motako bideojokoetaz goza dezakegu. “Filme baten moduan istorio sakon batean murgildu gaitezke, edo errealitate bizia eskaintzen digun joko batekin aritu, edo interes eta gustu guzietarako bada”, argitzen du.
Aldiz, mundu zabal horretan, euskararen presentzia handitzeko lanean ari da bera burubelarri. Merkatua mugatua dela aitortzen du, baina eskaintza garatu ahala urratsak ematen doaz. Gainera, belaunaldi berriek programazioan aritzeko geroz erraztasun eta baliabide gehiago dituzte.
Hala, Pantailak Euskaraz mugimenduak eta guraso zein agintariek urteotan ohartarazi duten haur eta gazteen euskaraz kontsumitzeko zailtasunen aurrean, “pixkanaka Euskal Herrian bideojokoen sektoreak ere bere bidea egiten” doala azpimarratzen du. Game Erauntsia elkartea ari da arlo honi bultzada eman nahian ere.
Hala, Japoniara jo gabe, Euskal Herrian eta Irundik bertatik, euskarazko bideojoko berriak sortuko duenik badugu eskualdean.