euskararen eguna

Bost kultur hitzordu Irunen, euskaraz jardutera animatzeko

Koldo Nausia 2023ko aza. 17a, 09:54

AEKk Donostiko San Telmo museoan 23. KORRIKA martxoaren 14an Irundik abiatuko dela jakinarazten zuen une berean, Irungo Udalak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen kultur agenda aurkeztu zuen Oiasso Museoan. Jon Plazaola, Olatz Salvador, Gari eta Ene Kantak pasako dira Irundik azaroaren 30etik abenduaren 3ra. 

Euskaraz Sortzen Mundu Berriak lelopean, kulturaren bitartez euskara hauspotu daitekeela sinetsita prestatu dute egitaraua. Zentzu honetan, Nuria Alzaga Euskara zinegotziak Euskararen Egunean eta Euskararen Egunetik haratago euskaraz jardutera animatu ditu irundarrak.

Umorea, musika eta haurrentzako ikusgarriak

Programazio zehatzari dagokionez, Amaia KZn emango zaio hasiera eta bukaera . Azaroaren 30ean, Jon Plazaola aktorearen "Tu-Tum, Platz!" bakarrizketarekin emango diote hasiera programari, 19:00etatik aurrera Amaia KZn. Eta abenduaren 3an, aldiz, arratsaldeko 17:00etan Ene Kantak euren azken ikusgarria Emozio festa! eskainiko du haurrentzat. Amaian 600 eserleku daudenez, pertsona bakoitzak gehienez ere 4 sarrera-gonbidapen eskuratu ahal izango ditu Luis Marianoko Turismo Bulegoan zein www.irun.eus atariko agendan. Jon Plazaolaren saiorako sarrerak erreserbatzeko aukera azaroaren 17 honetan 10:00etatik aurrera aktibatuko dute.

Aipatutako bi hitzordu hauen artean, bi kontzertu akustiko antolatuko dituzte Oiasso Museoan ere. Abenduaren 1ean, Olatz Salvadorren emanaldiarekin, eta abenduaren 2an Gari. Museoko emanaldiak 100 lagunentzako direnez, kasu honetan gehienez ere bina gonbidapen banatuko dituzte pertsona bakots museoan bertan, eta iragarri dutenez, egunean berean jarriko dituzte eskuragarri, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 ordutegian.

Egitaraua borobiltzeko, abenduaren 2an, larunbatean ere, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak girotuta kantu jira izango da. Urdanibia plazan hasiko da 12:00etan eta San Juan plazarako bidean euskal kantak abestuz joango dira zenbait geldialdi eginez.

Erlazionatuak