Adimen artifizialak euskaraz ikas dezan ahalegin txiki bat

Antxeta Irratia 2023ko aza. 20a, 09:48

Beste hainbat udalek egin duten modura, Irungoak ere GAITU kanpainarekin bat egin du. Eta Euskararen Egunaren testuinguruan, etorkizunean gailu eta aplikazio elektronikoek euskaraz funtzionatzea ahalbidetzeko euskarazko ahotsak biltzeko ekimenean parte hartzeko deia luzatu dute.  

Udazken honetan Librezale elkartearen, Euskaltzaleen Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanetik bultzatutako ekimen honi esker, euskarazko milaka ahots erregistratu nahi dituzte, etorkizunean gailu elektronikoek euskaraz funtzionatzeko aukera izan dezaten. Datu base erraldoi horretan irundarrek ere parte har dezaten dei egin du Irungo Udalak.

Izan ere, euskarazko milaka esaldi grabatzea eta erregistratzea beharrezkoa da horretarako, etorkizunean gailu horiekin euskaraz komunikatzeko aukera egon dadin. Aipatutako datu basea sortzeko baliabidea Common Voice plataforma da, eta modu ulerterraz eta intuitiboan funtzionatzen du. Sakeleko telefonoarekin egin dezakegu gure ekarpena, eta grabaketak edonon egin daitezke, inguruko zarataz arduratu gabe. Beraz, kalean edo etxean egin daiteke, eta bost minutu besterik ez dira behar.

Irungo Udalak dei egin die horrela irundarrei GAITU.eus webgunean sartu eta ekarpena egin dezaten.