"Malgutasunez" negoziatuko badu ere, EAJ udal taldeak hiru ardatzetan oinarrituko du udal gobernuarekin 2024ko aurrekontuen negoziaketa. Adierazi dutenez, dagoeneko Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariari helarazi dizkiote euren asmoak, baita bilera hitzordua eskatu ere.
Xabier Iridoy Irungo EAJren bozeramaleak azaldu duenez, udaltzaingo gehiago, kirol instalazioen defizitari erantzuteko plangintza zehatza eta aparkalekuen arazoari aterabidea emateko, lurrazpiko hiru proposamen aurkeztu dizkiote gobernuari. Bizikidetza eta Segurtasuna ezinbestekotzat jotzen dute jeltzaleek. Eta Jose Enrique Corchon hautetsiak "politika transbertsalak ere beharrekoak" direla azpimarratu badu ere, "udaltzaingo eta herritarren arteko ratioa txikitu beharra dago".
Hiru ardatz, hiri-eredu baten irudiko
Zentzu honetan, Jose Antonio Santano alkateak 2021ean iragarritako udaltzain kopurua handitzeko asmoa bete dezala besterik ez dute galdegiten, baina "urteetarako plan bat zehaztuz, eta egutegi jakin bat markatuz ezinbestean". Jeltzaleek diotenez, 2024ko gobernuaren aurrekontu proiektuak %3ko igoera aurreikusten du Udaltzaingoan, baina hori ordainsarien ohiko igoerari dagokio. Beraz, udaltzain lantaldea handitzeko asmorik ez duela ikusita, konpromisoa har dezatela nahi du EAJk. Diotenez, Oreretak baino udaltzain/biztanle ratio okerragoa baitu Irungo hiriak gaur egun.
Bestalde, kirol instalazioen behar handia dago Irunen denen partetik aitortuta. Udal Gobernuak ere hainbat proiektu iragarri ditu honi erantzuteko: Azken Portu kiroldegiaren handitzea, Ficobako pabilioi erabilanitza edota zintzilik dagoen Txenpereneako atletismo pista berria. Baina EAJren arabera aurrekontu zehatza eta exekuzio egutegi argi bat duen plan bat beharrezkoa da, "goi mailako kirolari zein klub xumeago eta herritarren beharrak asetzeko".
Azkenik, aparkalekuaren arazoa arintzeko, lurrazpiko hiru proiektu berri planteatu dizkio EAJk udal gobernuari aurrekontuen negoziaketean aintzat har ditzan. Bigarren hezkuntzako Eguzkitza ikastetxearen jolastokian, Junkal elizaren plazatxoaren azpian (hau berritzeko proiektua dagoela aprobetxatuz), eta azkenik, Irungo tren geltoki intermodalaren proiektua egokitzea eskatzen dute, autobus geltokien gunearen aldamenean aurreikusita dagoen azaleko aparkalekuaren lurrazpian ere plaza gehiago egiteko. Iridoyren arabera, "65 milioi euroko proiektu handia izanik, momentua da halako aukerak ez pasatzen uzteko". Horretarako, Irungo Udalak ADIF erakundearekin negoziatu dezala proposatzen dute.