Joseba etxebeste

«Baserriarekin inongo loturarik ez nuen, baina artzaintzaren harra sartu zitzaidan eta ofizio baino afizio dut»

Antxeta Irratia 2023ko aza. 21a, 14:52

Joseba Etxebeste Cambronero artzain irundarrak 40 bat manex buru beltz ditu Bidasoa auzoko Beko-Erreka baserrian, eta beste 20 kanpoan. Udan artaldea Aiako Harrian izan ohi du bazkan. Katea auzoko kaletarra jaiotzez, 2006an “artzaintza senaren harra sartu” zitzaion, baserri munduan bete-betean murgiltzera eraman duena. Aletuz eta Jorratuz irratsaioan baserriko ateak zabaldu dizkigu. 

Uda garaian Aiako Harrian manex buru beltzak ikusten baditugu, seguruena da Joseba Etxebeste artzain irundarra ez dela oso urrun ibiliko. Euskal ardi arraza hau ez da oso ohikoa Gipuzkoan, beste espezie batzuk errentagarriagoak direlakoan euskal jatorria duen buru beltza baztertu baitute askok, goi mailako esnea ematen badu ere. Euskal Herrian arraigura handikoa da ardi buru beltza, batez ere Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Josebak arraza gorde nahian dabil, eta Aiako Harrian bazkan izan ohi ditu uda garaian, gasna ekoizteko gero, eta guztionak diren mendiak ongarritzeko sinbiosi isil bezain beharrezkoa borobilduz.

Artzain irundarrak halako 40tik gora abelburu dauzka, eta Bidasoa auzoko Beko-Erreka baserrian bizi eta lan egiten badu, udan mendian bezala, “orain belar legorra jarri, artoa bota eta neguan irauteko lanak” ditu aurretik. Etxebestek aitortu digunez, artaldea gehiago handitzeko aukera gutxi du, arditegia eta lur gutxi eta malkartsuak dituelako. “Baina horrela jarraituz gero, ni konten egongo nintzen, eta atzetik datorrena ikusiko du aitaren hautua egingo duen ala ez”, dio. Baserrira iritsi eta artaldea ez ezik, familia ere handitzea erabaki baitzuen.

Artzain sena, kaletar jatorria

Jatorriz kaletarra bada ere, 2006ean “artzaintzaren grina edo har txiki bat sartu” zitzaiola dio, eta “harra handitu” egin dela honezkero. Irungo Katea auzoan hazi zen eta baserri munduarekin harremanik ez zuen izan txikitan. “Baserriarekin eta animaliekin inongo loturarik ez, bagenuen osaba Artikutzakoa zena, Arantzan baserria zuen familiak eta gustokoa nuen behorrekin ibiltzea, baina beldurra ere izaten nuen”, gogoratzen du.

Gaztetan ikasketak hautatzerako garaian ere, Bidasoa Institutoan lanbide heziketa ikasi zuen: “Ofizio bat ikasi behar zela, eta ebanisteria edo arotza ikasi nuen”. Baina arotz beharrean, gazta saltzaile lanetan hasi zen, baita azoketan ere. “Hura oso gogorra zen, ordu asko… eta neronek utzi nuen, eta supermerkatuetan banatzaile lanetan hasi nintzen. Gero, 2002an Irungo CAFen lan egiteko aukera izan zuen, eta gaur egun arte”, kontatzen du. Izan ere, artzain lanak “ofizio baino afizioa” duela aitortzen du.

Katea auzotik Bidasoara

Landetxa-Katean sasiak hartuta zegoen lursail bat topatu zuen, bere ardien proiektuarekin hasteko. “Jabeekin hitz egin nuen eta garbitzearen truke utzi zidaten, eta forma hartu zuenean 8 buru beltzekin hasi nintzen, eta hor harra handitu egin zela uste dut”, azaldu digu. Ardiak ilegalak ziren eta lurrak ez ziren bereak, beraz, esplotazio zenbaki bat beharrezkoa zuela ikusita prozesua abiatu zuen orduan. Eta Katea auzoko lursail hartan laupabost urte eman ondoren, etxegintzaren espekulazioaren ondorioz, jabeek lurrak saldu eta auzoko beste emakume batek utzitako lurretan instalatu zen. Baina ez zuen aski. “Ordu asko ematen nituen ardiak hartu eta beste terreno batzuetara eramaten sabela bete zezaten, ardi zain edo artzain, eskapo ez egiteko kontzen”, dio Joseba Etxebestek.

Urteen poderioz artzain sena seriosa zela ikusirik, “edo aurrera edo atzera” egitea erabaki behar izan zuen. Eta hartan Bidasoa auzoko Beko-Erreka baserrian bukatu zuen 2015ean emazteak lagunduta. “Horrelako erabakiak, baserria erosteko apostua ez da erraza izaten, baina haren babesarekin baserri bila hasi ginen”, oroitzen da, “hasieran Lesakan ikusi genuen, baina urrun zegoen. Eta Irungo Bidasoa auzoan baserri txikia baina lur dexenterekin, ideala” zen haientzat. Beko-Errekara 20 bat manex buru beltzekin iritsi zen. Eta 8 urteotan “poliki-poliki” bikoiztu egin du artaldea. Udazken garaiotan bere etxaldeko larreetan ditu ardiak zaintzen, eta sortu berri zaizkion bildotsak ditu ere.

Antxeta Irratiko Aletuz eta Jorratuz irratsaioan, artzain gazteak bere baserriko ateak zabaldu dizkigu. Etorkizunerako dituen asmoak eta ametsak aipatu dizkigu. Irun urbanoa alboratu eta Bidasoa auzoaren lasaitasunean, baina zailtasun guztien gaindi, lehen sektorearen aldeko arrapostua zinez egina baitu Joseba Etxebestek, Irunen oraindik ere baserritik bizimodua atera daitekeela erakutsiz. Lehen sektoreari eutsiz.