Irungo EAJk zaintza eredu berri baten aldeko herri-ituna baten adosteko mozioa aurkeztuko du azaroaren 24ko udalbatzan. Gainerako udal talde politikoei haien konpromisoa galdegingo die, arlo publikotik zaintza eredu eraldatzaile, feminista eta komunitario bat sustatzeko akordio baten alde. Zaintzak agenda politikoaren lehen lerroan dagoen honetan, gogoeta prozesu sakon bat egin dute jeltzaleek Gipuzkoa mailan azken hilabeteotan. Baita hainbat lanketa Irunen ere. Bidenabar, iada joan den martxoaren 16an Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketarako diputatua Irungo IdeiaLekun izan zuten gonbidaturik, zahartze aktibo eta zaintzari buruzko politiken eraldaketari buruzko jardunaldi batean.
Zaintza ereduan jauzi berri bat emateko unea dela diote jeltzaleek, eta eraldaketa 8 ardatz edo printzipiotan oinarritu beharra dagoela defendatzen dute, betiere, arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzeko. Urkiri Salaberria hautetsi jeltzaleak "akordio zabalak lortzeko garaia" dela, eta zaintzaren inguruko herri-itun berri bat aldarrikatu du.
Horretarako zainketen profesionalizazioa, baina familia zaintzaileak babestuko dituen etxeko zaintza lehenesten duen sistema bat planteatzen dute, adineko pertsonen %80ak etxean bizitzen jarraitu nahi duelako. Sistema inklusibo eta berdinzalea, emakumeek historikoki beren bizkar gainean hartu duten zaintzaren karga arinduz, baita diskriminazio eta prekarietate egoerak ere.
Bestetik, "komunitatea indartu beharra" ikusten du EAJk. Erakunde publiko, elkarte eta herritarren parte-hartzea areagotuz. Eta aldi berean, arreta integrala jaso ahal izateko koordinazio sozio-sanitarioa ere. Euskal administrazioen aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen zein gizarte bazterkeria egoeran diren pertsonen beharrak asetzeko.