Jacobo Cuetarak ez du Bidasoa-Irunekin kontratua berrituko

Antxeta Irratia 2023ko aza. 23a, 12:20

Gaurko agerraldian irudikatu den bezala, hutsik geratuko den Bidasoaren aulkiarentzat ordezko baten bila hasi beharko dute Artalekun. "Joko estiloa eraldatzeko irizpide kontrajarrien ondorioz", Bidasoako zuzendaritza batzordeak Cuetarak jarrai ez dezala erabaki zuen asteartean, eta atzo 21:15ean entrenatzaileari jakinarazi ondotik, gaur horren berri ematera behartuak sentitu dira. 

Azken aldian Bidasoaren entrenatzailea den Jacobo Cuetararen inguruko zurrumurruak zabalduak ziren eskualdean. Klubak bere kontratua berrituko ez zuela aipatu zen, eta gaur hori bera konfirmatu dute Gurutz Aginagalde Bidasoako presidenteak, Julen Aginagalde kirol zuzendariak eta Gorka Wamba batzordekideak. Asturiarrak ez du lehen taldean segituko datorren denboraldian, jokamoldea aldatzeko bi aldeek dituzten iritzi desberdinengatik.

Gurutz Aginagalde presidenteak aitortu du “informazio hau zabaltzeko asmorik ez” zutela oraindik, “lehen taldearen dinamika mantentzeko asmoa” zutelako. Hala ere, azken asteotan prentsan, baita zaleen artean ere, "zurrumurru batzuk zabalduak ziren eta egoera zein den azaltzeko beharretan sentitu gara”, aipatu du Aginagaldek. Horrez gain, jakinarazi du “lehen eta azken aldia” izanen dela honen inguruan solastuko direna, “lehen taldearen lasaitasuna” mantendu nahi dutelako.

Jacobo Cuetararen berritzearen atzetik arazo pertsonalak zeudela hedatu bada ere, batzordekide guztiek hori gezurtatu dute. Benetako arrazoia, lehendakariak azaldu duenez, joko estiloa aldatzeko bi aldeek dituzten iritzi desberdinak izan dira, eta horren ondorioz prozesua nola eman den jakinarazi nahi izan du: “Guk ideia bat geneukan eta, zentzu horretan, zortzigarren jardunaldia pasatuta eta atsedenaldia baliatuta, Jacoborekin negoziatzeko momentua zela erabaki genuen. Granollersen partiduaren ondotik, larunbat horretan, Julen eta Gorka berarekin egon ziren negoziaketak hasteko”.

Julen Aginagalde klubeko kirol zuzendaria izan zen bilera hartan, eta geroztik gertatu dena ere kontatu du. Azaldu duenez, “emaitzekin oso kontent” daude, baina euren beharra “hobetzea eta garatzea” da. Eta horregatik, zenbait gauza aldatu behar direla uste dute, “horien artean jokatzeko modua”. Irundarrak esan du klubak ere bilakaera bat behar duela emaitzak oraindik hobeak izateko. “Batzordekide guztiak ados gaude klubak behar duen bilakaerarekin", dio presidenteak. "Horrek ezaugarri desberdineko jokalariak ekartzea erraztuko luke, eta hori adierazi genion Jacobo Cuetarari. Berak bere lan egiteko moduan sinesten ez bagenuen ezingo zela aurrera egin esan zigun, eta ez zegoela ezer gehiago hitz egiteko”.

Klubaren interesa partikularraren gainetik

Kirol zuzendariak ere adierazi nahi izan du “kanpotik etorri diren estrategia komunikatibo desberdinak, informazio interesatu eta manipulatuak, zuzendaritzak puntu hauek larritzat ematea eta mesfidantza edukitzea” ekarri duela. Horrela, batzordekide guztiak elkartu ziren pasa den asteartean, azaroaren 21ean, eta Jacobo Cuetararen kontratua ez berritzea erabaki zuten bertan. Honekin guztiarekin, “atzo, azaroaren 22an, arratseko 21:15ean erabaki hau entrenatzaileari helarazi zitzaion”.

Azkenik, Julen Aginagaldek azpimarratu du "klubaren interesa dagoela edozein jokalari, entrenatzaile edo batzordekideren gainetik”. Orain arte entrenatzaileak egin duen lana ere eskertu nahi izan du, eta bere profesionaltasuna goraipatu du ere. Izan ere, klubaren garai oparoenetako baten lemapean izan da 2016/2017 denboraldian irundarrekin fitxatu zuenetik. Artalekuko aulkian ASOBAL Ligako 214 partida zuzendut ditu 119 garaipen lortuta, eta ASOBAL Koparen finalera sailkatzeaz gain, 90. hamarkadaz geroztik ez bezala, Bidasoa Europara eraman du berriz ere, harrobiaren aldeko apostua eginez aldi berean.