Aston Villaren aterpean da Real Union, nazioartean kokatu eta garatzen jarraitzeko asmoz

Antxeta Irratia 2023ko aza. 29a, 12:38

Atzo Nassef Sawiris, Aston Villako presidente eta jabe nagusia Stadium Galen izan zen bisitan Unai Emeryrekin batera. Real Unionek ingelesekin sinatutako lankidetza hitzarmena aurkeztu zuten, "klub txuribeltza nazioartean kokatu" eta "Aston Villaren harrobiarentzat plataforma bat suposatzeaz gain, Irungo klubaren "metodologia eta errendimendua" hobetuko duena. 

Aston Villako entrenatzaile eta Real Unioneko akzioen %20aren jabe den Unai Emery Ingalaterrako klub historikoaren egungo jabearekin batera bisita egin zuten atzo Stadium Galera. Igor Emery presidentearekin batera bi klubek izenpetu berri duten lankidetza hitzarmenaren berri eman zuten. Nassef Sawiris, Aston Villako presidente eta jabe nagusia "kooperazio akordioarengatik poza eta Emery familiarekin duen harreman estua" azpimarratu zuen bitartean, Igor Emeryk, Real Unioneko presidenteak bi klub historiko hauen arteko lankidetza hitzarmenari esker, "klub irundarra nazioartean kokatu eta harrobiko gazteen garapena" hobetuko duela iragarri du. Gehiegi argitu gabe oraindik noren faboretan.

Izan ere, aurkezpen ekitaldian "Real Union Birminghameko taldearen harrobiko jokalarientzat plataforma bat izango" dela iragarri du. Baina azaldu dutenez, Real Unioneko harrobia lantzeko ere, metodologia teknikoa eta entrenamendukoa garatuko dute, eta baliabide gehiago izango dituzte errendimendu eta atzemate arloetan, baita datuen analisian zein lantaldeen kudeaketan ere.

Lankide hitzarmenaren arlo ekonomikoaz ez dute informazio zehatziik publiko egin oraindik. Baina Antxeta Irratian iragarri dezakegu, lau urteko akordioa itxi dutela, eta urtero Donostiko Errealak orain arte talde txuribeltzari egiten zion ekarpen ekonomikoa hirukoiztu egingo duela Aston Villak.

Azpimarratu behar da, zentzu honetan, akordio honekin Real Unionek bat egiten duela V Sports-eko kluben sare global gero eta handiagoarekin. Aston Villaren magalean edo aterkipean daude modu berean, Vissel Kobe (Japonia), ZED FC (Egipto) eta Vitória Sport Clube (Portugal) taldeak ere.

Bi talde historikoen arteko lankidetza dela nabarmendu dute biek. Aston Villa Ingalaterrako futbol talde historikoa baita, 1874an sortua, 1888an Football League-ren eta 1992an Premier League-ren sortzaileetako bat, Real Union 1902an sortua Espainiako Ligaren 12 fundatzaileetako bat den bezala. Eta txuribeltzek garai batean lortutako 4 Koparen aldean, Birminghamekoa Erresuma Batuko talderik adierazgarrienetako bat dela azpimarra egin du Emeryk. Europako Kopa txapelduna 1981/82 denboraldian, eta besteak beste zazpina liga eta FA Cup dauzka bitrinetan gordeak, bost EFL Cup, Community Shield bat eta Europako Superkoparekin batera.