25. urtemugari amaiera bikaina emango dio Nayade abesbatzak larunbatean

Koldo Nausia 2023ko aza. 29a, 15:09

Aurten kaleratutako diskoa, edo Kalakan taldearekin emandako kontzertuez haratago, Irungo emakumeen abesbatza bakarrak mende laurden honetan izan dituen bidelagunekin borobildu nahi du urtemuga, abenduaren 2an (19:00) Oiasso Kamerata orkrestarekin emango duen kontzertuan. Amaia Kultur Zentroko 600 sarrerak agortu egin dira. 

Irungo Nayade abesbatzak 'Printzak' izeneko disko bilduma aurkeztuz ekin zion 2023 urtean bere 25. urtemuga ospatzeko erronkari. 500 ale argitaratuta, “gure buruari egiten diogun oparia”, zela azpimarratu zuen orduan Alaitz Urkia zuzendariak. Eta hala izandu da urte osoan zehar ere. Atzokoak, Iruntza eta IGA abesbatzez gain, Nayadeko zuzendari eta koralista ohiak, kolaboratzaileak, bazkideak, eta Oiasso Kamerata orkestra ere gonbidatu ditu Nayade abesbatzak abenduaren 2an 19:00etan egingo duten urteko azken emanaldira. Song of the Universal izenburupean, egunotan aritu dira euren Larrendiko egoitzan eta Belaskoenea ikastetxean azken entseguak egiten. 33 abeslarik, denak emakumeak osatzen dute taldea, baina egoitza txiki geratu zaie dagoeneko.

Joan den urtean mende laurden honetan egindako bidearen berri eman zigun Idoia Lacarta Nausia, sortzaileetariko bat. Gaur egun bederatzi bat kide geratzen dira hastapen-hastepenetik aritutakoak. Baina denek dute zer ospatua abenduaren 2an.

Heldu den ostirala eta larunbata goizean Amaia Kultur Zentroan entsegu orokorra eta azken ukituak egin beharko dituzte “emanaldi baten aurretik beti urduritasun eta lana zorroztu beharra” dagoela aitortu baitigu zuzendariak. Baina euren egoitzan egindako azken aurreko entseguan ateak zabaldu dizkiote Antxeta Irratiari. Bertan izan gara eta Alaitz Urkiarekin mintzatu gara Nayaderen 25. urtemugaren ikasturte berezian bizitutakoaz, eta amaiera bikaina emateko kontzertuari buruz.  Amaiako 600 plazak betetzeko haina gonbidapen banatu dituzte. Eta sarrera eskuratuta, larunbatean bertaratzeko aukerarik ez duen orori “hau inprimatu eta Amaiako lehiatilan uzteko” eskatu dute, beste bati aukera emateko.

Erlazionatuak