Bere aldeko 10 bozka eta 15 boto txurirekin, Irungo alkate berria da Cristina Laborda Albolea, Irunek historian duen lehen alkate emakumea. Azaroaren 28an Jose Antonio Santanok estatu idazkari bihurtzeko alkate kargua utzi ondotik, gaur hartu du ardura Labordak.
Santanorekin batera sartu da goizeko 11etan udaletxeko areto nagusira, eta bertan zituen esperoan bertzeak bertze, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia baita Denis Itxaso espainiar gobernuak EAEn duen ordezkaria ere. Alkate izendapenarekin hasi aitzin, Sergio Corchoni zinegotzi kargua eman diote, Santanok utzi zuen zuloa edo lekua hark betetzen baitu. Ondotik, PSE, EHBildu, EAJ, Elkarrekin eta PPko bozeramaileei haien burua alkate aurkeztu nahi zuten galdetu, eta Labordak bakarrik baiezkoa emanik, hura bozkatzen hasi dira.
10 bozka bildu ditu hautagai sozialistak, eta bertze 15ek bozka txuria eman dute. Azken egunetan "eztarrian izan duen korapiloa" gainditu, eta izendatzeren ondorengo hitzartzea egiten hasi da Laborda.
Via Irun, Erabilera anitzeko pabiloia, erromatar termak… Jose Antonio Santanoren alkatetzapean hasitako proiektuak bere egin ditu Labordak. Aipatu behar baita 24 urte daramatzala zinegotzi karguan, 19 urte zituenetik, eta Santanok alkate gisa egin dituenak baina gehiago. Bidelagun fidelari aitortza handia egin dio Labordak, dagoen “onena” deitu du Santano, eta dakien gehiena hari ikasi diola erran.
Hain zuzen ere, alkatea aldatzen bada ere, proiektuak berdina izaten jarraitzen duela argi utzi du Labordak, eta Santanoren ondarea bere egin du. Udal talde sozialista ere eskertu du, baita bertze zinegotzi kideak ere.
Ordezkaritzak, dantzan
Ongibidean, hiru urte eta erdi ditu aurretik alkatetzan Labordan. Gaur argitu ez dutena bere ardura mordoa nork hartuko duen da. Sergio Corchonek eskarmentua du gizarte gaietan, eta litekeena da ordezkaritza horietako batzuk behintzat berak hartzea. Orain arte gizarte ongizatea, zerbitzu orokorrak, obra publikoak, udaltzaingoa eta bizikidetza, berdintasuna eta beste hainbat ardura zituen udalean.