Etxebizitza eskubidea dela ulertuta, eskaintza publikoa bultzatu eta alokairuen prezioak mugatzeko hainbat neurri proposatu ditu Irungo EH Bilduk

Koldo Nausia 2023ko abe. 18a, 13:56

Alokairu prezioak mugatzeko hiri tentsionatua izendatzeko tramitazioa lehenbailehen egin dezala eskatu dio koalizio abertzaleak Udal Gobernu sozialistari. Eta 2024ko udal aurrekontuen negoziaketaren baitan ere, gazteei bideratutako alokairurako dirulaguntza lerro bat sortzea eta etxebizitza hutsen errolda osatzeko azterlana egin dezala mahaigainean ezarri diote. 

Lan merkatua eta osasungintza zerbitzu publikoaren ondotik, etxebizitza da Eusko Jaurlaritzaren Euskal Soziometroak  2023ko abenduan plazaratu berri duen inkestaren arabera, herritarren kezka edo arazo nagusia. Eta Irun ez dago errealitate horretatik aparte. Izan ere, 65.000 biztanle dituen hirian 2.000tik gora dira IRUNVI sozietate publikoaren zerrendetan alokairu sozial baten esperoan zain diren herritarrak.

Zentzu honetan, Irungo EH Bilduk argi du “etxebizitza eskubide bat dela”. Eta beraz, etxebizitza eta alokairuen prezioak mugatzeko premia lehentasunetan emana du. Hala, Irunek hiri tensionatu izendatzeko legezko baldintzak betetzen dituela baieztatu eta gero, aurreko uztailean udalbatzak mozio bidez hiria gune tensionatu izendatzeko eskaera egin zuela oroitarazi du EH Bilduk. Baina orain, Eusko Jaurlaritzari dokumentazioa igorri eta Udaletxeek eskaera hori modu formalean berretsi behar dute. Koalizio abertzaleak “tramitazio hori lehenbailehen” egin dezala eskatu dio udal gobernuari. Irunen etxebizitzaren arazoari aurre egitea premiazkoa dela aldarrikatuz.

Etxebizitza hutsak eta alokairurako laguntzak

Oihana Briones, Irungo EH Bilduren bozeramaleak argi du Etxebizitzaren Lege berriak aukera berriak eskaintzen dituela, eta ez direla Irunen hau behar bezala aprobetxatzen ari. Alokairu pribatuaren merkatura jo behar duten gazte eta familien kasuan, “Irungo batez besteko errenta apala dela kontuan hartuta, oso zaila da soldataren erdia etxebizitzaren gastua ordaintzera bideratu behar izatea”, dio Brionesek. Eta beraz, alternatibak ez ezik, alokairuen prezioak mugatzeko aukera ematen duen “hiri tentsionatua” izendatzeko tramitazioa premia handiko da bere ustetan.

Ildo beretik, 2024. urteko udal aurrekontu proiektuari begira etxebizitzari lotutako proposamen desberdinak aurkeztu dizkiote Udal Gobernu sozialistari. Besteren artean, Irungo etxebizitza hutsen azterlana egitea, eta hauek herritarren esku jartzeko neurriak. Izan ere, EAJ Hirigintza arloaren eskumena izan zuen garaian, hirian 800 bat etxebizitza huts zeudela ondorioztatu zuen azterketa egin zen. Baina orain “etxebizitza hutsa” zer den zehazten zuen lege berriarekin, bi urte baino gehiago hutsik dauden etxebizitzen jabeei 10 euro metro koadroko kanona ordainrazteko aukera ematen du. “800 beharrean 300 etxebizitza balira ere, denak batzen du etxebizitza baten beharretan diren 2.000tik gora irundar horien beharrak asetze aldera”, azpimarratu du Brionesek.

Bestalde, “gazteek duten emanzipatzeko zailtasunak ikusirik”, gazteei bideratutako alokairurako dirulaguntza lerro bat ezartzea eskatu du EH Bilduk. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako irizpideak betetzeko zailtasunak baitaude, eta Irungo Udalak ere, helburu hori duen laguntza lerro bat aurreikustea eskatu du koalizio abertzaleak.