Legez 2024an zehar indarrean sartu beharko lituzkete Isuri Apaleko Eremua eta mugikortasun plangintza berria, klima aldaketaren kontrako lege berria bete ahal izateko. Atzo Donostiak aurkeztu zuen bere plana 2030 urtera bitartean faseka hartzen joango dituzten neurri zuzentzaileekin. Eta Irunen ere, 2023-2027 urtealdirako plana osatzen ari dira.
Erakusketa honetan 2010az geroztik udalak hartu dituen neurrien berri ematen dute. 30 eremuak edota autobus elektrikoen aurrerapausoak, adibidez. Baina 50.000 biztanle baino gehiagoko hiria izanik, Irunen datozen urteetan hartu beharreko neurriak eta plangintzaren berri ere ematen dute. Plana onartzeko 4 fase bete behar ditu, eta hirugarrenean daude orain, herritarrak informatzekoa. Ondoren iritsiko dira herritarren ekarpenak, eta planaren onarpena bera. Baina Borja Olazabal, Mugikortasun arloko ordezkariak argi ditu zenbait baldintza ezinbestean bete beharko dituztela. "Colon ibilbidean bidegorri bat ezarri beharko dugu, hori dio planak", argitu du.
Gogoratu, une honetan, Colon ibilbidea eta Gipuzkoa etorbidearen arteko bidegurutzean trafikoaren CO2 isuriak neurtzen ari direla Eusko Jaurlaritzaren aire kalitate neurketen baitan. Baina joan den irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean iada, pistak eman zituen Irungo Udalak. Froga pilotu gisa igandero egiten duten moduan, astean zehar ere, Colon ibilbidea autoentzat itxi, eta soilik bizikleta, oinezko eta autobusentzako baimenduz. Eta froga hartan dagoeneko, bidegorria hiru errailetakoaren erdian kokatu zuten. Dena dela, azken hamarkadan Irunen hartu izan diren neurri askorekin egiaztatu ahal izan duten bezala, "hasieran debekuen eta aldaketen aurrean jendea haserre agertzen bada ere, denborak erakusten du denon hoberako direla, eta ez dela mundua bukatzen", dio Olazabalek.
Aipatutako mugikortasuna hobetzeko diseinu edo proposamen hau, Oier Martinez Violet, Mikel Ormazabal eta Alba Molas adituek luzatu zioten udalari 2020ean. Plangintza oso bat aurkeztu baitzioten dohainik udalari, "taktikoki hiri-mugikortasuna hobetzeko", eta udalak aintzat hartu du gero hein handi batean. Nolanahi ere, Irunen berandu dabiltzala dio Oier Martinez Violetek. 2010az geroztik neurri anitz hartu dituzte, baita estatu mailan aintzindariak izan ere, baina ez da aski izan bere ustez. Halere, indarrean sartu orduko atzerabueltarik gabeko “aldaketa traumatikoa” izango da aditu honen ustez, egun batetik bestera autoa debekatuko duten eremuak aintzat hartuta.
Xehetasun gehiago nahi dituenak, 2023-2027 Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari buruzko erakusketa otsailaren 20a arte Palmera-Monteron topatuko du. 5 panok osatzen dute, eta QR bidez informazio gehigarria eskura daiteke.