Abere, barazki, talo eta jendez bete du Urdanibia plaza San Tomasek

Aitor Errazkin, Aimar Lopez 2023ko abe. 21a, 13:18

Milaka talo eta hamarka aberek jantzi dute aurtengo Irungo San Tomas. Euria euri, herritarrak hurbildu dira gabonen hasiera markatzen duen ekitaldira.

Goizean goiz, Irungo Urdanibia plazara hurbildu gara, bertan zeuden laborari, abeltzain, eztigile eta ekoizleekin solastera. Euri tanta artean hasi dira herritarrak, haur, gazte eta guraso hurbiltzen. Abereak izan ohi dira haurrak erakartzen dituztenak, eta aurten traba administratiboak gaindituta, protagonista izan dira ere.

Bertze protagonistak taloak izaten dira, eta aurten ere txistorra eta artoa goizetik zebiltzan talogileen eskuetan. 3.000 talo prestatu dituzte Lapurdiko Talogileek bakarrik, bertze eskaintzarik ere badelarik. Arratsalde eta iluntzean zehar iritsiko dira herritarren ahoetara.

Arratsalde eta iluntzean zehar ere, dantzari eta musikariek hartuko dute plaza. Gaueko 22:00etan, Burrunba Elektrotxarangak itxiko du eguna.