Irungo Dunboa, Toki Alai HHLH eta Toki Alai BHI ikastetxeak “Zubiak eraikiz” programan murgilduak daude, eskolen arteko harremana sustatu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzia heltzen den unean saltoa eman behar duten ikasleak lasaiago joan daitezen.
Orotara, 1.300 bat ikasle biltzen dituzte hiru zentro hauen artean. Eta LHtik DBHra egiten duten jauziari begira, ongizate emozionala landu eta zaindu nahi dute. Izan ere, zuzendariek Antxeta Irratian azaldu dutenez, aspaldi ohartu ziren urduritasuna eta estresa bizi zutela ikasleek 6. mailara iristen ziren heinean, eta hori lasaitze aldera lanketa egiten hasi ziren.
Gurekin izan dira hiru ikastetxeetako zuzendariak, Dunboako ikastetxeko zuzendaria da Julen Urkia, Sergio Gonzalez Toki Alai Siutzeko egoitzatik, eta Toki Alai Gazteluzarretik Otxanda Tolosa.
Egitasmoaz beraz eta baita Irungo eskolen errealitateaz hitz egin du luze zabal haiekin Aitziber Zapirainek. Saio osoa duzue hemen entzungai.