Irungo Udalak eguberri sasoi honetarako antolaturiko egitarau kulturalaren baitan, azken hitzorduak dira egun hauetan. Horien baitan, Mirari Martiarena eta Ana Goitiaren euskarazko bakarrizketak izanen dira ostegunean, arratseko 19:00tatik landa, Pio XII plazako karpa edo xapitoan. Umorea nondik, nola eta norentzat egiten duen azaldu digu Mirari Martiarenak.
Izan ere, besta eta otordu garai hau pasaturik, lodifobiaren gaia da eszenara umorez eramanen duten aldarrietako bat, umorez baina salaketa doinuan. Ezaguna da Martiarenak Idoia Torregarairekin batera irri feminista eginez duen ibilbidea, azken urteetan ikusgarri ezberdinekin Euskal Herrian barna ibili baitira. Ostegunean, Martiarenak bikotez aldatuko badu ere, muinak antzekoa izaten jarraituko du.