Hitz-gurutzatuetan espezializatutako Luma aldizkariaren urteroko hitzordua zen Euskal Herri osoko zaleak eta adituak Irunen elkartzen zituen txapelketa. 2007tik 2014ra iraun zuen, zortzigarren edizioa azkena izanen zela iragarri zuten arte. Arnasberriturik dator aurten, bederatzi urteko hutsunearen ondotik; Aitzondo euskara elkarteak eta Irungo AEKk hartu dute antolatzeko ardura, Korrika Kulturala aitzakia harturik.
Antolatzaile berriek baina, Joxan Elosegi euskarazko hitz-gurutzatuen sortzaile adituaren laguntza izan dute. Hark sortu zituen Luma zein txapelketa, eta Beñat Muguruza Aitzondoko kideak azaldu duenez, Elosegi konbenzitzeko lana erraza izan ez bada ere, ezinbesteko laguntza da, txapelketa edonork antola baitezake, hitz-gurutzatuak sortzea haatik gutxi batzuen trebezia delarik.
"Ilusioz" hartu du Elosegik ardura berria. Azken hilabeteetan buru-belarri ibili da Irunera hurbilduko diren lehiatzaileek bete beharreko taulak sortzen. Hiru froga izanen dira, 10x10 laukikoa lehena, 12x12koa bigarrena eta 15x15ekoa finala.
Joxan Elosegik azaldu zuenez, "Irun eta hitz-gurutzatuak kontu oso lotuak dira", bertan sortu baitziren txapelketa eta Luma aldizkaria. Hala, 23. Korrika Irundik abiatuko den honetan, txapelketa antolatzea ere Iruni dagokiola gehitu du. Hori hala izanik ere, Euskal Herrira begira egiten dute deialdia, eta 14 urtetik gorako euskaldun orok izanen du parte hartzerik.
Webgune berria
Izen-ematea errazteko, eta bereziki lehiaketarako trebatzeko aukera izateko, hitzgurutzatuak.eus webgunea aurkeztu dute antolatzaileek. Bertan, aitzineko edizioetako taulak -baita erantzunak ere- eskuratzen ahal dira, entrenatze aldera.
Hitzordua martxoaren 2an finkatu dute, goizeko 10:00etatik aurrera, Palmera Montero gunean. Izen-ematea bost euroren truke egin daiteke jada sarean, eta bertan jateko aukera izanen da, hogei eurotan.