Horretarako, BDS Koopek EHUko 30 bat ikerlarik osatzen duten Gezki ikerketa institutoa izango du bidelagun, datu bilketa eta azterketa teorikoaz gain, haratago joateko xedez. Dornaku Lantz, BDS Koop-eko kideak argitu duenez, proiektua garatzeko 6.000 euroko beka bat sortu dute (2.000 euroko hiru praktika) 3 adituk iker dezaten, norbere master ezagutza esparrutik. Lanaren emaitza uztailerako prest egon beharko luke, “ideia on bat sortuko balitz" BDSek dituen lan esparru desberdinetatik 2024-2025ean garatzeko aukera baztertu gabe.
Momentuz hiru dira behatokiak trantsizio ekosozialaren esparruan aztertu nahi dituen lan ildoak. Zaintza kooperatiboa da lehena. Hernanin Maitelan egitasmoa dago martxan lehen esperientzia gisa, baina “zaintza ardura komunitario bat gisa ulertu behar dela, eta ez familia barrukoa bezala” nabarmendu dute. Horretarako ekonomia feminista eta logika sozialetik, eredu kolektibo posibleak aztertuko dituzte Bidasoaldean. Bigarren lan ildoa ekonomia zirkularra izango da. Dornaku Lantzek azaldu duenez, "agroelikadurak eduki ditzazkeen aukerak" aztertu nahi dituzte, Zero Zabor eta KM0 irizpideetan oinarrituz, baina ekonomia zirkularra birpentsatu beharra ere azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek.
Hirugarren azterlana, BDS Koop bezalako egiturek, hau da, polo kooperatiboek garapen horretan euki dezaketen eragina aztertzea izango da. “Enpresa kontzienteen saretzearen garrantzia aztertu nahi dugu”, argitu du Lantzek. Gezki institutuko Enekoitz Etxezarretak, aldiz, argi utzi du ikerle bekadunak tutorizatzeko helburua dutela unibertsitatetik, “baina guk metodoa baldin badugu, BDS Koop bezalako egiturek dute jakintza sortzen, eta eurek dira aldaketaren eragile nagusiak. Gure partehartzeak, lagundu eta eraldaketa prestijiatu dezake baina besterik ez”. Zentzu honetan, “Euskal Herria kooperatibismo oso dinamikoa izan du beti, baina honek ez du bere isla izan unibertsitatean”, aitortu du Gezki-ko ikerlariak. Eta hori da ere elkarlan honen funtsetako bat. Izan ere, krisi globalari elkarlanetik erantzun beharra dagoela diote, ekimen pribatu zein publikotik. Behatokiaren proiektuak berak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako arloaren babes ekonomikoa lortu du.