Larunbatean 'Inauteriak 2.0' gozatzeko deia luzatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2024ko ots. 15a, 14:03

Otsailaren 10ean haize bolada indartsuengatik alerta horia zela eta, inauterietako desfilea bertan behera utzi beharrean, atzeratzea erabaki dute udalak eta konpartsek. Eta desfilea ez ezik, indarrak bikoiztu egin dituzte ostalari eta merkatariekin bat eginik, goizeko 11:00etatik ilundu arte programazio zabala eskaintzeko. 

Igandean ospatu bazen ere, 14 konpartsek hilabete luzeetako prestakuntza lana egin dutela jakinda, larunbata honetan egingo dute otsailaren 10ean eguraldi txarrak bertan behera uztera behartutakoa. Errepika baino, indarrak bikoiztu egin dituzte eragile guztiek, inauteriak behar bezala ospatzeko. Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak azaldu duenez, Denok Bat ostalaritza elkartea eta Bidashop merkatariena eta konpartsen ordezkariek ere euren hondar alea jarriko dute. Konpartsen desfileaz gain, Bidashop merkatari-elkarteak aukera aprobetxatu du bere proposamenak aurkezteko.

Besteak beste, mozorro-lehiaketa bat egingo dute, 11:00etan, Zabaltza plazan. Ostalaritzako DENOK BAT elkarteak irundarrei gonbita egin die mozorrotu eta Inauteriez goza dezaten. Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du Bidashopen webgunean. Dohainik izango da izen-ematea. Eta era berean, gogorarazi dute ostalaritzako establezimenduek bi orduz luzatuko dutela ixteko ohiko ordutegia. Bestalde, 21:00etatik aurrera Los Tranquilos taldearen animazioa izango da Urdaninia plazatik hasi, San Juan, Kale Nagusia, Legia kalea eta Berrotaran kalean bukatzeko.