Irungo Euskal Jira desagertzeko arriskuan da, egoera ekonomiko delikatua dela eta

Aimar Lopez 2024ko ots. 16a, 11:21

Irungo Udalari diru laguntza handitzeko eskatu diete, erantzunik gabe · Bi asteko epean hobekuntzarik ezean, abuztuan ez da Euskal Jirarik izanen

Urte ugariz egoera delikatuan ibili ondotik, ekonomikoki zein parte hartze aldetik ere, Irungo Euskal Jira desagertzear izan daiteke. Azken urteetako edizioek diru galera nabarmenak ekarri dituzte, eta Irungo Udalarekin izandako negoziaketetan abuztuko lehen asteburuko hitzorduaren antolatzaileek ez dute espero zuten erantzuna lortu. Asteazken honetan bildu dira Cristina Laborda alkatearekin, baina Euskal Jiraren antolatzaile Iñaki Olazabal eta Joxeja Zabalok erran digutenez, honek ez die aterabide handirik eman.

Azaldu dutenez, heldu diren asteetan hartuko diren erabakiek baldintzatuko dute Euskal Jiraren etorkizuna. Irungo ospakizun zaharrenetariko bat, dilindan aurkitzen baita. Gogoan hartu behar baita lehen edizioak 1928tik 1935era arte ospatu zirela, eta Gerra Zibilaren garaian eta ondorengo urteetan debekatuta egon zela. Euskal Jiraren lehen edizioetan erromeria bat egin zen San Martzial mendira eta bakoitzak eramandako produktuekin bazkari bat egiten zen, ondoren Irunera jaisteko.

1951 eta 1955ean bi edizio solte antolatzea lortu zuen Jostallu elkarteak. Eta 1979az geroztik hainbat pertsona eta kultur elkarteri esker berreskuratu egin zela gaur arte.

Orain zalantza dute antolatzaileek ez ote den desagertuko. Hurrengo udan bederen, antolatzea zail ikusten dute baldintza hauetan, udalaren behar babesik gabe. Izan ere, 2020 eta 2021eko edizioak bertan behera gelditu ziren osasun egoeraren ondorioz, eta egoera are gehiago zailtzeko, 2023ko edizioan eguraldi txarrak diru irabaziak asko mugatu zituen. Haatik, Euskal Jiraren antolakuntza gastuak urte osokoak dira, eta horiek garestitu ere egin dira. Honen ondorioa da elkartearen egoera ekonomiko delikatua.

Joxeja Zabalok azaldu duenez, gainera, bolondres kopurua ere apaldu da eta hauen adina handitu, eskulana lortzeko arazoak sortuz elkarteari. Hortaz, Irungo Udalari laguntza ekonomikoa galdegiteaz gain, herritarrei ere inplikatzea eskatu diete.