Alai Extrusion Kimika sektoreko produkzioko langileek lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dute grebaren bigarren egunean. Hiru urteko iraupena izango du, 2023-2025 urtealdirako eta 85 langileri eragingo die, ELA eta LAB sindikatuen eskutik langileen batzordeak deitutako greba mugimendua %70ak segitu badu ere. Nolanahi ere, langile elkartasuna eta borrokatik lortutako akordioa dela azpimarratu du LAB sindikatuak, eta etorkizunean ere sektorean aurrekari bat markatu dezakeela uste dute.
2022an hasi ziren hitzarmena negoziatzen, baina "enpresaburuen borondate faltaren ondorioz" grebara jotzea deliberatu zuten hilabete hasieran. Otsailaren 19an ekin zioten bost eguneko grebaldiari, eta bigarren egunean lortu dute zuzendaritza taldearen arreta. Negoziazioak luze jo du 2022az geroztik. LAB sindikatuak dioenez, bereziki soldaten eguneraketan KPIa bermatzeko eskaeraren baldintzarekin. Izan ere, KPI oso altua da une honetan, eta langileen erosahalmena "inolaz ere ez galtzeko" helburuari heldu diote sindikatuek.
Azkenik, langileek eskatutako baldintzak bermatuko dituen lan hitzarmena lortu dute. Izan ere, hitzarmen berriak iraungo dituen hiru urteetan, KPIaren araberako soldata igoerak izango dituzte langileek. Hortaz gain, galdegiten zituzten lanaldiak murriztea, lan baimenetan hobekuntzak ere aintzat hartuko ditu. Eta langile berrientzat ere baldintza hobeak lortu dituzte. Langileen batzordeak eskatutako eskaera guztiak onartu ditu zuzendaritzak, LAB eta ELA sindikatuen arabera.