Dunboa ikastetxean aurkeztu dute gaur Euskara arloko udal ordezkariek aurtengo Solas Jolas udaleku irekiaren programa. “Azken azterketek baieztatu dute programa eraginkorra dela, eta haur askok udan euskara praktikatu eta haien hizkuntz ohituretan hobekuntzak lortu ohi dituztela”, argitu du arloko teknikariek. Oinarri hortatik abiatuta, urtero bezala udako oporraldietan haurrek aisialdia euskaraz goza dezaten eta euskararen erabilera indartzeko helburuarekin programa antolatzeko lanetan ari dira. Bi txanda izango ditu aurten, lehenengoa uztailaren 3tik 30era eta bigarrena abuztuaren 2tik 30era. «Aurten ere, Irungo neska-mutilek ez dute aspertzeko astirik izango udan, eta euskara praktikatzeaz gain, antolatutako jolas eta txangoei esker beste eskoletako haurrak ezagutzeko aukera izango dute», nabarmendu du Nuria Alzaga arloko zinegotziak.
Aldiz, aurreinskripzio epearen martxan jartzearekin batera, Solas Jolasen parte hartzeko nahia adierazi eta eskaera zein den argitu arte, ez du udalak eskainiko duen plaza kopurua argitu. «Urtero 900 haur inguruk izena eman ohi dute, badaezpada, baina gero ez dute denek behin betiko matrikula egiten», argitu dute. Halere, haur guztiek aukera izango dutela iragarri dute.
Bestalde, aurten Eguzkitza ikastetxea eskaintza hontatik kanpo geratuko da, udan zenbait hobekuntza egiteko aprobetxatuko baitute. Halere, hiriko eskola publiko gehienetan eramango da haurrera programa. Haur Hezkuntzako Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Toki Alai HH (Alzukaitz kalea) eta Txingudi Ikastola. Eta Lehen Hezkuntzako Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Txingudi Ikastolan.
Aurreinskripzioa eta ondoko zozketa
Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik aurrera (otsailak 26) egin ahal izango dute aurreinskripzioa. Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliz egin daiteke online, edota Irungo hainbat auzotan martxan diren autozerbitzuko SAC-HAZ terminaletan. Martxoaren 11n 14:00etan itxiko dute plazoa. Eta martxoaren 18an plazaratuko dituzte onartu eta ez onartuen behin behineko zerrendak. Martxoaren 22a arte erreklamazioak egin ahal izango dira, eta martxoaren 27an jakinaraziko dituzte behin betiko zerrendak. Eta apirilaren 8an 12:00etan zozketatuko dituzte izena emateko hitzorduak. Argitu dutenez, horrek ez du plaza zehatz bat segurtatzen, «kiroldegiko ikastaroetan bezala, matrikula egiteko hitzordua eman baizik».
Hortaz, hasieran egindako txanda eta hezkuntza zentroaren hautuaren informazioa kontuan hartuko bada ere, ez du esan nahi hau segurtatua dagoenik. Izan ere, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira gero inskripzioak txanda eta zentroetako plazak agortu bitartean.