48 ordutan 150 bat migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2024ko ots. 23a, 11:23

Otsailan San Juan plazara Irungo Harrera Sarearen laguntza eske hurbildu diren migratzaileen mugimendua nabarmen azkartu egin da. 2023 urte lasaiago baten ondotik, azken astebetean 40 eta 80 migrante artean jaso dituzte ia egunero, 2021 eta 2022etik ikusten ez zituzten kopuruen pareko.

Atzo aipatu genuen bezala, migratzaileen mugimendua azkartu egin da azken egunotan. Asteazkenean San Juan plazako permanentzia bulegoan hilabeteotan jasotako migratzaile kopururik handienaren (51) berri eman zuen Irungo Harrera Sareak. Baina atzo ostegunarekin 76 gehiago hurbildu ziren eskualdera iritsi berriak. Gainera sareko Gautxori taldeko bolondresek beste 22 lagun bideratu dituzte gauez Gurutze Gorriak Arretxegainan duen Hilanderas kaleko aterpetxera. Eta ostirala goiz honetan, momentuz, beste 24 mutil lagundu dituzte.

Nabaria da Harrera Sarearen arabera, migratzaileen mugimendua azkartu egin dela otsailan, eta bereziki azken egunotan. Izan ere, astebetean 280tik gora iritsi baitira, horietatik 125 azken bi egunotan. Gogoan hartu behar da, urtarrila osoan 386 pertsona lagundu zituzten bitartean, otsaila amaitzeko astebete eskax denean, kopuru hori gainditu egin dutela dagoeneko, 450 bat lagunekin. Halere, gorakada otsailaren 15etik aurrera eman da. Aste horretan ere, bi egunetan 75 lagun artatu baitzituzten. 

2023 lasaiago baten ondotik, normaltasuna

2024 urte hasiera hontako migratzaileen fenomenoaren azkartzea, mugako kontrolen arintzearekin batera ematen ari da. Izan ere, Avenia Zubiaren hesia kentzeko erabaki politiko sinbolikoarekin batera, Santiago eta Behobia-Pausuko zubietako 24 orduko polizia kontrolak desagertu egin dira. Harrera Sareak eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek oroitarazi dutenez, migranteak Hendaiatik Baionarako bidean kontrolatzen dituzte gero, eta Frantziaren migrazio politikak eztabaida sakona piztu duen hilabeteotan, "oraindik ere beroan itzulketak" egiten dituzte. Halere, Bidasoaren muga trebeskatzeko prest Irunera heltzen ari den migratzaileen kopuruak gora egin du.  

Izan ere, 2021az geroztik San Juan plazako Harrera Sarearen bulegoan 11.504 lagun jaso badituzte, horietarik 2.738 baizik ez dira izan 2023an, horietatik 1.133 emakume eta 241 haur. Aldiz, ohiko batezbestekoetara hurbiltzen ari dira urte berrian.