Migrazio fluxuak agintarien interes turistikoen arabera mugitzen ari dira Harrera Sarearen ustetan

Antxeta Irratia 2024ko mar. 5a, 13:32

Kanariar Uharteetara 2023an iritsi ziren afrikar jatorriko milaka migratzaileen fluxuak ez du orain artean Irunen ondoriorik izan. Baina urtarrila eta otsailan milakoen langa gainditu badute Irunen, Aste Santuen atarian espainiar eta kanariar agintarien "interes turistikoak" eragina izan duelakoan dago Irungo Harrera Sarea. 

Irungo Harrera Sareak 692 lagun artatu zituen otsailan San Juan plazako permanentzia bulegoan. Urtarrileko 386 migratzaileekin alderatuta ia bikoiztu egin bada ere, otsailaren 20tik 24ra jasotako 280 lagunak azpimarratzekoak dira. Nolanahi ere, 2018az geroztik eman izan diren gorabeheretako bat besterik ez dela aipatu digu Oihana Galardik, Irungo Harrera Sareko kideak,  eta migrazio politikak bere horretan jarraituko duten bitartean, deus ez dela aldatuko iragarri du. 

Zentzu honetan, azken asteetan Kanariar Uharteetatik espainiar estatuak berak bideratutako migratzaileak direlakoan daude. Hori da Harrera Sareak egiten duen irakurketa, "Aste Santuen atarian, interes turistiko eta ekonomikoak lehentasuna duela espainiar eta kanariar gobernuentzat, migrazio politiken gainetik".

Harrera Sareko Oihana Galardi izan dugu Zebrabidean gonbidatu atzo, eta aipatu digunez, politika migratorioen baitan aurkitzen da Bidasoa ibaiaren muga zeharkatzeko helburuarekin heltzen diren migranteen kopuruaren fluxua. Eta 2023an kanarietara milaka lagun iritsi badira ere, ez dira orain arte handik atera. "Kolpeka ateratzen dira penintsulara, eta ez da ausaz egiten", dio Galardik, "baina berandu baino lehen Irunen eragin bat dauka horrek". Kontuan hartu behar da, 2023an, 2.738 migratzaile lagundu dituela sareak, horietatik 1.133 emakume eta 241 haur. Aldiz, ohiko batezbestekoetara hurbiltzen ari dira urte berrian, urtarrila eta otsailan milako langa gaindituta. Halere, 2021az geroztik San Juan plazako Harrera Sarearen bulegoan 11.504 lagun jaso dituztela gogoratzen dute. 

Oihana Galardik oroitarazi du migrazio fenomenoa inurrien antzera mugitzen dela, "bide bat itxita topatuko duen momentuan, beste bat bilatuko du, baina migrazioaren jatorrizko arrazoiak eta migrazio politikak aldatuko ez diren bitartean, ez du etenik izango, eta Bidasoaldea betidanik izan da pasabide".