Irungo Euskal Jira elkarteak Cristina Laborda alkate berriarekin bildu zen pasa den otsailan, 1928an sortutako ekimena desagertzeko zorian zegoela eta, udalaren babes ekonomikoa eskatzeko. Azken urteetako diru-poltsa agortzen ari zaie, eta 2023ko Euskal Jirak eragindako gastu gehigarriei ezin aurre egin dabiltzala, 2024ko edizioa kolokan zegoela jakinarazi zioten. Udalaren erantzuna ez da espero zutena izan. Joan den asteburuko Korrika Kulturalaren harira antolatutako Erromeria Ibiltariari lotutako ekimen bat antolatzera behartu baitie udalak, aparteko laguntza bat jaso ahal izateko.
Bien bitartean, udal talde politikoekin elkarrizketan ari dira, 2024ko Euskal Jira ez ezik, aurrerantzean ere, ekimena segurtatuko duen gutxieneko 8.000 euroko dirulaguntza izenduna onartu dezaten. PSE-EAJren arteko aurrekontu akordioan negoziatuta, udaberriko kreditu aldaketan aintzat har dezatela nahi du elkarteak. Izan ere, elkartearen kezka oraingo zailtasun ekonomikoetatik haratago doa, 2024ko ekitaldia «eragile eta norbanako askoren ahaleginetik» antolatzeko modurik izango bada ere (asteburu honetan erabakiko dute deitu duten batzordean), aurrerantzean «Irungo ondare kultural» gisa aintzat hartua beharko luke Euskal Jira haien ustetan, eta bere etorkizuna bermatuko duen dirulaguntza izenduna nahi dute. Urtero errepikatzen diren hainbat kultur hitzorduetako eragileek hitzartua duten bezala.
Joxeja Zabalo, Euskal Jira elkarteko kidea goibel azaldu da agintarien jarrerarekin. «Irungo nekazal eta baserri mundua, eta horrek dakarren historia eta kultur ondarea nahiko utzita dago, eta dute behar bezala zaintzen», dio oroitaraziz Irun hiria izanik ere, bere eremuaren %70a berdea dela, eta Bidasoa, Olaberria edo Meaka bezalako auzoek eta bertako baserriek hartzen dutela udalerriaren hedadura gehiena. Eta abuztuko lehen asteburuan 1928an sortu, eta 70. hamarkadaz geroztik urtero ospatu den Euskal Jira hiri-erdigunera hura guztia balioan jartzeko eguna ere badela hein handi batean.
Irungo euskal eragileen babesa
Bestalde, Irungo euskal eragileen partetik sustengu handia jasotzen ari direla azpimarratu du elkarteak. Eraiki dantza taldea, Maltzeta edota Nabartenea elkartetik, adibidez. Hain justu, heldu den martxoaren 9an, larunbatean, Foro Irun Hogeitabatek Euskal Jira ekonomikoki sustengatzeko bertso afaria antolatu du Kale Nagusiko Nabartenea elkartean. Afaria gaueko 21:00etan hasiko da Nerea Elustondo eta Sebatian Lizaso bertsotan, eta bildutako diruaren %50a Irungo Euskal Jira laguntzeko bideratuko dute. Menua 20 eurotan da, eta bertso afarian izena emateko azken eguna martxoaren 7a izango da foroirunhogeitabat@gmail.com helbide elektronikora idatziz.