Eusliderrek 'Korrika Gaztea' antolatu dute, ahaldundu eta euskaran eragiten jarraitzeko

Antxeta Irratia 2024ko mar. 7a, 14:35

Irungo DBHko ikasleek 'Korrika Gaztea' antolatu dute martxoaren 14an 11:00etan, benetakoa hasi aurretik giroa berotzeko. Gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko Euslider proiektuan parte hartzen ari diren gazteen engaiamenduari esker antolatu dute ekimena. 

Irungo AEKk hiriko hainbat ikastetxetako ikasleekin aurrera daraman Euslider egitasmoan parte hartu duten gazteek Korrika Gaztea antolatu dute. 2010ean hasi ziren Ahize aholkularitza zerbitzuak eta AEK-k Euslider proiektuaren bitartez euskararen erabilera bultzatu nahian. Norbere txokotik ahalegina egin dezakeen arren, izan enpresa, elkarte, udal erakunde zein ikastetxeetan kolektiboki eragiteko metodologia garatu dute. Eta 2021ean dagoeneko Behe Bidasoa eskualdean Hirubide, Toki Alai eta San Vicente de Paul ikastetxeetako DBHko ikasleak EusLider bilakatzen aurrenekoak izan baziren ere.

Ekimena eskola gehienetara hedatu da honezkero. AEKtik aitortzen digutenez, hezkuntza zentroak egokiak dira programa garatzeko, gazteak han biltzen direlako, baina "euskaraz hitzegiteko joera naturala duten gazteak EusLiderrak bilakatuz" hauek ahaldundu eta taldean eragiteko proiektu ezberdinak proposatzen dituzte gero, ikastetxean bertan ala kanpoan.

Horrela, urtero zenbait ekintza burutzen dituzte gazteek beraiek antolatuta. 2023an, adibidez, Euslider Olinpiadak ospatu zituzten Uranzu frontoian. Eta aurten Korrika urtea dela probestu dute, 'Korrika Gaztea' antolatzeko. Aurtengo proiektuan parte hartu duten ikastetxeen artean Eguzkitza DBHko ikasleak ditugu. Maddi eta Oier, Eguzkitzako ikasleekin hitzegin dugu.

Korrika Gaztea

Euslider proiektuaren barruan antolatu dituzten ekimenen artean, Korrika Gaztearen antolaketa dago. Ostegunean, aurrenekoak korri egiten Irungo ikastetxeetako 3. eta 4. DBHko ikasleak izango dira. Izan ere, Korrika Gaztea egingo da Irun erdialdeko inguruetan zehar, 11:00etatik aurrera, motorrak berotu eta giroa alaitzeko. Korrika Gaztearen ibilbidea honakoa izango da, Mendeluko biribilgunea; Kolon pasealekua; Gipuzkoa hiribidea igo eta jaitsi; Kolon pasealekua; Foru kalea; Kale Nagusia; San Juan plaza; Kolon pasealekua eta Zabaltza plaza. 

Gogoan hartu, Hondarribiko DBH eta Batxilergoko ikasleek ere Korrika Gaztea prestatu dutela martxoaren 14an. Ikasleek beraiek prestatutako DJ eta musika saioekin girotuko dute goiza, eta 13:45ean Korrika Gaztea egingo dute San Juan de Dios biribilgunetik abiatuta.