Herritarren Segurtasunaren arloak jakinarazi dituen zortzi kamera berriak, hiriko gune estrategikoenak zaintzeko bideo-zaintza kameren sarea osatzera dator. Izan ere, aldez aurretik Hondarribia kalean, Nafarroa Hiribidean edota Urdanibia plazan ere halako sistemak instalatuak ditu udalak segurtasuna hobetzeko argudioarekin. Urdanibia plazakoak, zehazki, Alde Zaharra-San Juan auzo elkartearen eskaera bati erantzunez instalatu zituzten 2019an, 860 sinadura bildu eta gero. Are gehiago, Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetan maiz agertzen den eskari bat dela oroitarazi du udal gobernuak.
Horrela, Sergio Javier Herritarren Segurtasunerako udal ordezkariak gaineratu duenez, «hobekuntza hauekin aurrekontu parte-hartzaileetan maizen agertzen den eskari bati erantzuten diogu: Udaltzaingoaren sistemak hobetzea eta eguneratzea, hain zuzen, herritarren segurtasuna eta trafikoa hobeto kudeatzeko eta kontrolatzeko».
Oraingo honetan, martxoaren 6an udal talde politiko guztiek Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Ituna berrituta, konpromisoa hartu zuten hiriko segurtasuna hobetzeko neurri gehiago abian jartzeko. Eta Sergio Javier Herritarren Segurtasuneko ordezkariak esan duenez, «polizia kaleetan presenteago egotearen alde egiten dugu, herritarrengandik gertuago, baina, horrez gain, agenteek baliabide egokiak dituztela bermatu behar dugu. Kamera berri hauen instalazioak on egingo dio guztion segurtasunari». Izan ere, Udaltzaingoaren lana erraztuko duelakoan dago, prebentzio neurria izateaz gain, kalean gerta daitezkeen intzidentziak argitzeko irudiak baliatu ahal izango dituztelako hala behar izanez gero.