Migratzaileak laguntzeko «elkartasunaren kriminalizazioa» salatu du Irungo Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2024ko mar. 18a, 15:17

Irungo autobus geltokitik Gurutze Gorriaren aterpetxeraino gauez zazpi migratzaile lagundu zituzten harrera sareko gautxori bolondresak identifikatu zituen joan den larunbatean Espainiako Polizia Nazionalak. 

Irungo Harrera Sarearen jarduna karriketan ezaguna da 2018az geroztik. Irungo eguneroko errealitatearen paisaia bilakatu da haien kaleko permanentzia bulegoa San Juan plazan. Eta iluntzean, gauero-gauero tren geltokiko autobus geltokira heltzen diren migranteak Gurutze Gorriko aterpetxeraino bideratzeko lanetan dihardute sareko gautxoriak. «Ezaguna da gure lana, ez dugu deus ilegalik egiten, bolondreski eskaintzen diegu laguntza hori, agintariek aterpetxea eskaintzen dutelako, baina ez diete hara joateko informaziorik ematen, edo laguntzarik eskaintzen», dio Irungo Harrera Sareko kide Josune Mendigutxiak. Horrexeagatik sortu zuten 2019an ibilbidearen planoa tren geltokian mural gisa, eta migratzaileek jarraitzeko bide berdearen urratsak markatu. «Gure harridura horregatik da, poliziaren jarrera aldaketa baino, espero dugu apartekoa izan dela», argitzen du. Izan ere, ez da aurreneko aldia Irungo bolondresak identifikatzen dituztela, baina oraingo honetan poliziaren jarrera oldarkorra nabarmendu dute.

Aterpetxera zazpi migratzaile autoz hurbildu dituztela ikusi, eta hauek identifikatzeaz gain, mehatxatu egin zieten adieraziz laster berri gehiago izango dutela identifikazio horien karietara. Bolondresen artean Hego zein Ipar Euskal Herriko harrera sareetako kideak zeuden, eta autoa matrikula frantsesa zuela, poliziaren jokamolde aldaketaren arrazoia izan daitekeelakoan daude. Dena dela, elkartasuna kriminalizatzea irmoki salatu du Harrera Sareak. «Aski da esan nahi dugu. Solidaritatea beti da beharrezkoa, baina are gehiago korridore humanitarioak denentzat seguruak ez diren bitartean».

Askotan eskatu izan dute bolondres saretik «harrera duina eta integrala ardatz dituzten politikak», eta harrera sare desberdinetako kideek jasaten duten jazarpen politiko eta poliziala salatu dute.

Tantaka baina etenik gabe 

Bien bitartean, aste santuko oporren atarian gauden honetan, agintariek toki turistikoak hustutzeko ahaleginetan ari direla diote. Horren irudiko otsailaren erditik aurrera emandako migratzaileen fluxu azkartze nabarmena, bere horretan mantentzen ari dena martxoan zehar ere. Otsailan 689 migratzaile jaso zituzten San Juan plazan (urtarrileko datuak bikoiztuz), eta martxoaren 1etik 18ra bitartean beste 370 pertsona lagundu dituzte, haien artean 23 emakume eta 7 haur.  Asteburu honetan bertan, ostiraletik igandera Irunera iritsitako 84 pertsona lagundu dituzte. Eta ohartarazi dutenez, Kanariar Uharteetan atxikita dauden milaka lagunez gain, Meridako (Extremadura) atxikitze zentroan 900 lagun daude une honetan, baita Asturiasen ere «berandu baino lehen Irundik pasa beharko dutenak».