Dena prest dute Irunen ITZULIAri harrera egin eta ospatzeko

Antxeta Irratia 2024ko mar. 19a, 09:30

Espainiako VUELTA eta Frantziako TOURraren ondotik, aurten Euskal Herriko ITZULIAk Irun txirrindularitzaren erreferentzia bilakatuko du ere. Froga honen mendeurrena ospatzeko, heldu den apirilaren 1ean erlojupeko 10 kilometroko lehen etapa, eta apirilaren 2koaren abiatzea emango da Irunen. Pazko Astelehenarekin abiatuko da, baina aurreko asteburu osorako programa antolatu dute. 

Aurreneko etapari dagokionez, hirigunea zeharkatuko badu ere, Landetxa eta Olaberriako nekazalguneetatik ere ibilbidea egingo du. Hortaz, «Mundu mailako oihartzuna duen froga den heinean, Irun hiriaren irudiaz gain, Irun berdea ere erakusteko aukera emango du», Borja Olazabal Kiroletako zinegotziaren ustetan. Izan ere, Irun nazioartean proiektatzeko balio izango du ITZULIAk. Irungo Txirrindulari Elkarteko Jorge Garciaren arabera, aldiz, kanpora begira ez ezik, Bidasoaldean txirrindularitza sustatzeko baliagarria izango da ere. «Harrobia eta zaletasuna bizi-bizirik dago Bidasoa ibaiaren ertzeko udalerri guztietan, baina haurrentzat aukera paregabea da bere idoloak bere hiriko kaleetatik ikusteko», aitortu du.

Zentzu honetan, aurreneko etaparen ibilbidean itzuli bat emateko aukera emango diete antolatzaileek bidasotarrei aurreko egunean. Igandean 18:00etan ITZULIAren aurkezpen ekitaldia ospatuko da San Juan plazan, eta 17:00etan ibilbidea probatzeko parada izango du nornahik, baita zirkuito laburrago bat ere familientzako. Erlojupeko etapa laburra da, eta ez oso gogorra, %5,2ko 1,7 km-ko aldapa bakarrarekin  Olaberriatik udaletxeko plazara igotzen den maldara iritsi arte.

Bigarren etapa, aldiz, Irundik aterako da, eta Gipuzkoa, Lapurdi, Baxe Nafarroa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gurutzatuko ditu, ordena horretan, eta Eibarko erdigunean amaituko da.

Pedalak baino gehiago

Dena dela, bisitariak erakarri eta irundarrek goza dezaten egitaraua prestatu dute «asteburu osoan zehar Irunen zerbait garrantzitsua gertatzen ari dela adierazteko». Borja Olazabalek azaldu digunez, martxoaren 30ean, larunbatarekin, bertigo-atrakzio bat instalatuko da San Juan plazan 11:30etatik 14:30etara eta 16:00etatik 19:00etara, ausartzen diren guztien gozamenerako. Looping bike izeneko esperientzia bat da: errail gainean doazen bi bizikleta, 360 º-ko birak egin ditzaketenak, pedalei eraginda. Iluntze aldean, 20:00etatik 21:45etara, DJ batek emanaldia eskainiko du Zabaltza plazan.

Martxoaren 31 igandearekin, Igande Sasoi berezia izango da 11:00etatik 13:00etara, txirrindularitzarekin eta ITZULIArekin lotutako zenbait ekimen antolatuko dituzte Irungo Udaleko Kirol eta Gazteria zerbitzuak, Txiribuelta eta Kromosomaren laguntzarekin, Zabaltza plaza eta Colon pasealekuaren inguruan. Kromosomak egurrezko kale-jostailuak, hornidura-poltsak margotzeko tailer bat eta txirrindularitzako motiboekin apaindutako giltzatakoak/puzzleak egiteko beste bat.

Txiribueltak, aldiz, koordinazioa lantzeko jolasak, maillot klasikoen erakusketa bat, horma-irudi baten pintaketa eta graffiti-tailerra proposatuko ditu.

Eguna borobiltzeko, gorago aipatu bezala, 17:00etan, herritar guztiei irekita, lehen etaparen ibilbidea ezagutzeko aukera emango dute Luis Marianotik abiatu eta San Juan plazaraino, 10 kilometroko ibilbide ofizialean.

Aparkaleku alternatiboak

Txirrindularitza froga orok bezala, trafikoan eragin nabarmena izango du. Aste Santuko opor bete-betean izango dela kontuan hartuta, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Udaleko Herritarren Segurtasuneko arloak koordinatuko dute dispositiboa. Lasterketa igaroko den kale guztietan ezingo da aparkatu, martxoaren 30etik apirilaren 1era bitartean. Gainera, apirilaren 1ean, lasterketa jokatu bitartean, hiriko zenbait puntutan dauden ibilgailuak ezingo dira mugitu, zehazki Gipuzkoa hiribidean, Pikoketa, Aldapeta, Legia, Olazabal y Ramery, Arbelaitz eta Perujaran kaleetan daudenak eta Luis Marianoko eta Artalekuko aparkalekuetan daudenak. Aldiz, Irungo Udalak aparkaleku alternatiboak antolatuko ditu Eguzkitza BHIn eta Bidasoaldea HHIn, martxoaren 27tik apirilaren 2ra.

Gogoan hartu, ITZULIAren 2. etapa ere Irundik irtengo dela. Beraz, apirilaren 2an, 12:30etatik 13:30etara trafikoan aldaketa batzuk izango dira Iparralde hiribidea, Colon pasealekua, Nafarroa hiribidea, Osinbiribileko biribilgunea, GI-646 Behobiako norakoan, Behobiako nazioarteko zubia, San Martzial, Dunboa eta Erlaitz kaleak, Ricardo Arregi zumardia eta iparraldeko saihesbidean.