Junkal amunarriz - CIFP Bidasoa

«Profesionalen beharra asetzeko etengabe garatzen ari garenez, lana lortzeko alternatiba ona gara»

Koldo Nausia 2024ko mar. 20a, 13:10

Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak formakuntza teknologikoa, praktikoa eta enpresa sektorearen beharrei egokitutakoa eskaintzen du. Horren berri emateko ate irekien egunak antolatu ditu martxoaren 20ean Erdi Mailako Zikloko ikasketei zuzenduta, eta martxoaren 21ean Goi Mailako Ziklo eta Espezializazio Kurtsoetaz informatzeko.

Bi egunotan 17:30etan zabalduko ditu ateak Irungo Bidasoa Lanbide Heziketa Zentro Integratuak industria sektoreari lotuta duen formakuntza eskaintzaren berri emateko, baina ondoren ere, bertara hurbildu eta galdetu besterik ez dela egin behar aitortu digu Junkal Amunarriz Aranguren zuzendariak. Azaldu digunez, lanbide heziketak «garai bateko irudiarekin ez du zerikusirik gaur egun».

Punta-puntako teknologikoaz hornitua eta enpresen zein lan munduaren beharrak asetzeko «etengabe eguneratzen doan formakuntza» baita. Eta zinez lan egin eta ibilbide profesional oparo bat lortzeko aukera erreala suposatzen du bere ustetan.

Lan munduaren beharrak asetzeko formakuntza

«Lan sektore askotan profesionalen eskasia dago, eta enpresekin harreman zuzena izateaz gain, zentroa gero lantegietan aurkituko dituzten makinaria eta tresneriekin hornituta dago», argitzen du Amunarrizek. Gainera, heldu den ikasturtetik aurrera Lanbide Heziketan aldaketa handiak egingo dituztela iragarri du, enpresetan geroz eta praktika gehiago bultzatuko baitituzte. Eta urtero, Erasmus planaren baitan, Europako beste herrialde batzuetan praktikak egiteko aukera ere ematen zaie ikasleei.

Ikasturte honetan 420 ikasle jaso ditu Bidasoa ikastetxe integratuak, eta Oarso-Bidasoaldea, Bortziriak zein Lapurditik etorritakoak dira. «Lan poltsa bat dugu ikasleek ikasketak amaitzerakoan osatzen dutena, eta hustu egiten da, lanbide heziketan lan egin nahi duenak, lan egiten du», azpimarratzen du. Eusko Jaurlaritzak egindako azken inkestek baieztatzen dute hori. EAEn unibertsitate ikasketak amaitu eta 6 hilabeteko epean %67ak lana lortzen duen bitartean, lanbide heziketaren kasuan %92ak ikasitakoari lotutako lanpostua lortzen du ikasketak amaitu ondoko lehen bi hilabetetan.

Irungo zentro honetan Bidasoko industria-sareak planteatzen dituen beharrei erantzuteak ere laguntzen duela dio Amunarrizek. Gaur egun 11 Heziketa Ziklo, Erdi Mailako 4 eta beste 6 Goi Mailakoak, Fabrikazio Mekanikoa, Zurgintza eta Altzairgintza, Elektrizitatea, Industria Elektronika eta Telekomunikazioen Elektronika familietako ikasketak eskaintzen dituzte. Baina zuzendariak azaldu digunez, lan munduaren eta gizartearen beharrak asetu nahian formakuntza berriak inplementatzen dituzte etengabe. Hala, droien gidatzeko baimenaren titulazioa edota 5G Sareak instalatzeko ikasketak ere proposatzen dituzte, espezializazioen artean.

Aparteko ikastaro berriak

Hortaz gain, urteroko eskaintzarekin batera, apirilaren bukaeratik aurrera beste zenbait ikastaro proposatuko dituzte aurten langile zein langabetuentzat. Juncal Amunarrizek esplikatu digunez, mekanika arloan 35 orduko CNC Fagorreko eta 40 orduko CAD soliworkseko ikastaroak emango dituzte langileentzat. Eta langabetuentzat berriz, 540 orduko mekanizazioa, zirutagiria lortu eta enpresan praktikak eginez. Zurgintzan, 220 orduko ikastaroa eskainiko dute langabetuentzat.

Era berean, euren burua berziklatu nahi duten langabetuei bideratuta ere, 840 orduko behe-tentsioko instalazio elektrikoen muntaketan instalatzaile elektriko txartela lortzeko formakuntza emango dute. Eta elektronikaren sektorean lan egiteko 30 orduko zuntz optikoan eta dronetako espezialista ikastaroak ere.

Konpromiso soziala

Baina Bidasoa ikastetxe integratuan ez dute soilik lan munduratzea aintzat hartzen. «Enpresekin bezala, inguruko eragileekin ere harremanetan gaude, eta kolektiboek edo norbere gaitasunak hobetzeko eskaintzarekin ahalegintzen gara», dio Amunarrizek. Horren harira, iaz 55 urtetik gorakoentzat informatika, administrazio elektronikoa edota sare sozialen erabilera ikastaroak eman zituzten. Eta aurten, Irungo Emakumeen Etxearekin lankidetzan, Eskola Feministaren zikloetan parte hartuko dute “Manos a la luz” izeneko etxeko konponketen tailer batekin. Maiatzaren 8tik 29ra emango dute, asteazkenetan, 17:00etik 19:30era.

Bestalde, hezkuntza zentroa Irunen kokatua dago. Eta berezkoa duen mugazgaindiko izaera lantzen duen heinean, aurki Euskadi-Akitania-Nafarroak bultzatzen duten Europak diruz lagundutako 'Baserri Berri' izeneko POCTEFA proiektuan parte hartuko dute Urdazubin (Nafarroa). Langabetuei zuzenduta, zurgintza arloko formakuntza jasoko dute Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako beste lanbide heziketa zentroetako ikasleekin batera, landa eremuko ondarea berreskuratu eta bi urtez baserri bat birgaitzeko lanak hartuz.