40 urte bete dira Vómito Social, beranduago Vómito, eta Anti-Regimen taldeen sorreratik. 1984an, aurretik ensaiatu gabe, Irungo Mendibil parkean eta Iñigo Muguruzaren Desband taldearekin batera, bi talde hauek euren aurreneko kontzertua eman zutenetik 40 urte iragan dira. Eta zenbait omenaldi kontzertu egin ondotik, urtemuga ospatzeko urtebeteko bira antolatu dute. Tolosako Bonberenea aretoan hasiko da martxoaren 23an, eta iragarri dutenez, biran zehar kontzertu desberdinak grabatu egingo dituzte, biraren oroitzapen diskoa plazaratzeko asmoz.
Bira berezi honen inguruan hitzegiteko, Miguelon Anti-Regimen taldeko sortzailea, Txemari eta Aitor Perez, Apurtu taldeko kidearekin hitzegin dugu. Azaldu digutenez, bira egingo zutela jakinarazi zuten momentu beretik harrera beroa jaso dute. «Jendea berotzen ari da, gogo handia du», diote. Argitu dutenez, nahieran antolatu dute bira, hilero kontzertu banarekin. «Merezi dugu», dio Miguelonek, «40 urte pasa dira, eta une honetan norbere taldearekin topera ibilita ere, garaia da urtebetetzea ospatzeko. Lekuak eta datak aukeratu ditugu, a la carta».
Ez dute kontzertu egutegi osoa jakinarazi oraindik. Baina Bonbereneako estreinekoaren ondotik, Bilboko Zorrotza auzoko gaztetxean izango dute hurrengoa apirilaren 20ean, maiatzaren 25ean Uztaritzen egongo dira, eta ekainaren 1ean Bartzelonako Wolf aretoan. Baina Gasteiz, Zaragoza, Santander, Lizarra… ere bisitak egingo dituzte aurrerago, besteak beste.
Taldekideek hainbat sorpresa iragarri dituzte birari dagokionez. Aipatutako diskoaz gain, «azken aldian errepertorio txiki batekin omenaldietarako elkartu gara, baina taldeak inoiz ez zuen “Aun recuerdo” diskoaren aurkezpenik egin, eta oraingo honetan, sakonki landu, eta bitxikeriak egongo dira, inoiz ikusi ez diren gauza asko bira honetan», azpimarratu du Aitor Perezek.