Bioterraren 21. edizioa ekainaren 7tik 9ra ospatuko da Ficoban. Eta dagoeneko erakusketarako espazio osoaren %75a erreserbatuta dago. Ekoizpen ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarria eta kontsumo arduratsuari lotutako azoka aintzindaria izan zen bere sorreran, klima aldaketaren erronkari erantzuteko bidean. Gizakion kontsumo ereduak eraldatzeko eta dibulgazioa egiteko ez ezik, produktu ekologikoen merkaturatzeko paradigma aldaketa bat sustatuz.
Baina Maialen Gaztañaga azokaren arduradunak aitortu duenez, «bi hamarkadatoan sektorea nabarmen garatu bada ere, asko dago oraindik egiteko». Eta aurten azoka azaleraren hiru laurdenak beteak badituzte ere, bi hilabete eta erdi falta direnean, hasierako konpromiso berbera mantentzen dutela azaldu du. «Produktu ekologikoen azoka bat baino gehiago da, hitzaldiak, tailerrak, proiekzioak ere badira, eta hiru egunetan zerbait magikoa bilakatzen da Bioterra», azpimarratu du.
Dena dela, Bioterrak kanpora begira ez ezik, barrura begira ere ikuspegi ekologikoa landu nahi du. «Azoka bat antolatzea ez da batere ekologikoa, hondakinen kudeaketa latza suposatzen du», dio Gaztañagak, «baina zortzi urte daramatzagu Ihobe ziurtagiria lortzeko lanean, eta aspaldi erabilera bakarreko plastikoak debekatu egin genituen». Hondakin aztarna apaltzeko ahaleginetan, Ficobako pabilioien zoladura aldatu berri egin dutela oroitarazi du, behin eta berriz erabili ahal izateko, tapizarik jarri gabe.
Hondakinen arazoaz sentsibilizatzeko ekimenak
Lan ildo beretik, moda izan da arlo ekologikoan loratzen azken sektoreetako bat urteotan. Arreta berezia eskatzen du, jantzigintzak asko kutsatzen duen ekoizpena delako. Zentzu horretan, kutsadura hori murrizteko erronka ezagutarazi eta konzientzia sortzeko Bioterrak Fashion Revolution erakusketa programatu du. Irabazi-asmorik gabeko mundu mailako mugimendu bat da honakoa, eta segundoro, munduko zabortegietara kamioi bete arropa hondakin jaurtitzen dela kontuan hartuta, arropa berrerabili eta hondakina baliabide bilakatu daitekeela erakutsi nahi dute. Izan ere, ehun sintetikoz eginiko jantzi batek 200 urte behar ditu biodegradatzeko.
Bestalde, Surfrider Fundazioak Bioterrarekin lankidetzan, Gipuzkoan filmatutako dokumen,tal bat aurkeztuko dute «Aldaketa olatuak» izenekoa . Eta espainiar estatu mailan antolatuko den Zigarrotoi ekimenaren baitan, zigarrokinak jasoko dituzte zenbait hiri eta herritan. Gipuzkoan ekainaren 1ean izango da, Bioterraren atarian Donostian eta Deban.