Primoz Roglicek irabazi du Itzuliko lehen etapa

Paola Oskoz 2024ko api. 2a, 10:43

Irunen ospatu zen 10 kilometroko erlojupekoan garaile izan zen eslobakiarra, 7 segunduko aldearekin, eta gaur maillot horiarekin irtengo da hiri beretik abiatuko den bigarren etapan. 

2024ko Euskal Herriko Itzulia hasi zen atzo, apirilaren lehenean, Irunen. Hirian hasi eta bukatu zen 10 kilometroko erlojupekoa izan zuten txirrindulariak lehen etapan eta Primoz Roglic (BOH) izan zen garailea, Itzuliko lehen liderran bilakatuta.

Lehen etapa irabazteko faboritoak atera ziren lehenik 10 kilometroko ibilbidea osatzera. Lehenik, Pello Bilbao (TBV) izan zen denbora onena egin zuena, baina Juan Ayusok (UAD) kendu zion postua 9 segundogatik. Primoz Roglic atera zenean erlojupekoa egitera, nahiz eta azken metroetan ibilbidez nahasi, lehen postua eskuratu zuen eta geroztik, ez zuen txirrindulari bakat batek marka hori gainditu. Jay Vine (UAD) izan zen atzo helmugan bigarrena, 7 segundura, eta Mattias Skjelmose (LTK) hirugarren, 10 segundura. Lehen euskalduna Ion Izagirre (COF) izan zen, hamargarren postuan sailkatua eta 21 segundura.

Horrela, Primoz Roglic horiz jantzi zen eta modu berean aterako da gaur Irundik abiatuko den Itzuliko bigarren etapan. Bertze maillotak tropelean banatuko badira ere, Roglicenak dira guztiak, gazteen sailkapenekoa izan ezik, hori Juan Ayusok eraman baitzuen.

Gaur, Irundik abiatuko da bigarren etapa, Ficobatik eta Kanbon bukatu. 160 kilometro izanen ditu eta tartean, Xaretan barna ibiliko da tropela.  Azkainetik Sarara sartuko da eta bertan igoko dute eguneko mendate bakarra, San Inazioko lepoa. Sara gurutzatu, Senpereko Herburua auzotik pasa eta Dantxarinean barna ibiliko da Itzulia. Lapurdi barnealdean eta Nafarroa Beherean ibili ondotik, berriz ere Senperera sartuko da. Etapa Kanbon bukatuko da.

Hemen duzue Txirrindulariak webguneak egindako atzoko lehen etaparen bideo laburpena:

https://www.youtube.com/watch?v=j13pXptn2FY

(Argazkia: Itzulia Basque Country)