Lema kolpe berri bat eman du Real Unionek mailari eutsi nahian

Antxeta Irratia 2024ko api. 2a, 10:48

Klub txuribeltzak Iñigo Idiakez entrenatzailea kanporatu du, eta jakinarazi dutenez, bigarren entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak ere taldea utziko dute donostiarrarekin batera. Iaz Aitor Zulaika kanporatu zutenetik enegarren entrenatzaile aldaketa dute. David Movilla, Iñaki Goikoetxea eta Fran Justoren ondotik, Idiakez ere ez da taldearen ibilmoldea zuzentzeko gai izan. 

Iñigo Idiakez ez da gehiago Real Union lehen taldeko entrenatzailea izango. Klubak jakinarazi duenez, atzo (apirilaren 1ean) eman zion honen berri prestatzaile donostiarrari. Idiakezekin batera, Raul Perez (bigarren entrenatzailea) eta Joan Casanova (prestatzaile fisikoa) ere taldetik kanpo daude. Real Unionek euren profesionaltasuna eskertu eta etorkizunean zorte ona opa nahi izan die. Baina emaitzek agindu dute erabakian.

Zaleen kezka agerikoa izan da azken asteetako ibilbidea ikusita, eta dagoeneko etxeko azken partidan, Idiakez kanporatzeko oihuak entzun ahal izan ziren Stadium Galeko harmailetan, Real Sociedad Bren kontrako gipuzkoar derbia 1-3 galdu ondoren.

Ibilbide makurra

Real Unionek Fran Justo galiziarraren aldeko apostua egin zuen denboraldi honetan, epe luzerako proiektu berri batekin, eta ondo hasi zen galiziarra. Izan ere, etxeko aurreneko norgehiagokak irabazi eta gero, entrenatzaileak aldarrikatutako “Galeko rock and rolla”ren leloa ezaguna egin zen etxeko partidetan. Baina emaitza txarrek giroa nahasten joan dira Gal Stadiumean denboraldiak aurrera egin ahala. Izan ere, Justo entrenatzaile zela 6 garaipen lortu zituzten aurreneko 11. jardunaldietan, baina Coruñako Deportivori 3-0 irabazi ondotik, taldearen prestazioak gainbeheran joan dira etenik gabe. Eta Iñigo Idiakez ez da taldearen ibilbidea zuzentzeko gai izan. Justoren lekukoa hartu zuen 19. jardunaldian, taldeak ordurarte jokatutako 51 puntuetatik 21 bildu ostean. Eta urtarrilaren 2an donostiarra aurreneko partidan Sestaori 4-2 irabazita ondo hasi bazen ere, orotara, 12 puntu besterik ez ditu eskuratu jokatutako 39etatik. 13 jardunaldi baizik ez du iraun txuribeltzen aulkian, 2 garaipen, 6 berdinketa eta 5 porrot jasota.

Eta Teruelen 2 eta 1 galdu ondoren hartu du zuzendaritzak donostiarra kanporatzeko erabakia. Aurreko jardunaldian ere, jeitsiera postuetan aurkitzen den Logroñesen kontra berdinduz, taldea ezinean dabilela erakutsi eta gero.

Denboraldi bukaerako erronka

Klubetik ez dute oraindik denboraldiaren azken txanpan taldea nork gidatuko duen jakinarazi, baina apirilaren 6ean sailkapenean 34 puntu dauzkan Cornella-ren bisita jasoko dute Stadium Galen, arerio zuzena izanik, hil ala biziko partida. Izan ere, liga amaitzeko zortzi partida falta dira. Etxean: Cornella, Unionista Salamanca, Cultural Leonesa eta Fuenlabrada. Eta kanpoan, Sestao, Osasuna Promesas, Ponferradina, eta denboraldia Riazor zelaian amaituko dute A Coruñako Deportivoren etxean. Partida gehienak arerio zuzenak ala igoera jokoan duten taldeen aurkakoak dira. Joan den urtean azken jardunaldian La Nucia-ren kontra 1 Federazio mailari eustea lortu eta gero, badirudi zale txuribeltzek aurten ere sufritu beharko dutela. Maila galtzeko arrisku bizian da Real Union, 33 punturekin jeitsiera postuekin berdinduta.