Gordailua izan da Euskadiko museoen sisteman (EMSIME) sartu den mota horretako aurreneko kultura-ekipamenduetako bat. Integrazio hori posible izan bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Eusko Jaurlaritzak 2020an sinatutako hitzarmenari esker izan da.
Goizane Alvarez, Kultura diputatuak azpimarratu du «mugarri garrantzitsua» dela, eta Gordailuaren hasierako helburuetako bat betetzen duela horrela. «Gipuzkoako kultura-ondarea herritarren eskura jartzea eta hurbiltzea, ezagutaraztea eta zabaltzeko helburu nagusia ahalbidetzen du, katalogo bateratu eta irisgarri batetik», argitu du diputatuak. Zentzu honetan, 2011 urtean sortu zen EMSIMEren helburuetako bat zen ere, Euskadiko ondare-bildumen katalogo kolektibo bat egitea. Eta sortu zenetik, Gipuzkoako hainbat museo batu dira pixkanaka. Bertako kide dira aspaldi Zumalakarregi Museoa eta Euskal Itsas Museoa. Eta orain Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa EMSIMEn sartuta, jendeari aukera emango zaio ere, museotik hedapen-atariaren bidez (https://museotik.euskadi.eus/hasiera/), «orain arte Interneten ikusgai ez zeuden bildumak ezagutzeko», azaldu du Alvarezek.
Bilduma aski aberatsa dela kontuan hartuta, interneten eskura egongo diren bildumak eta informazioak apurka gehitzen joango dira. Eta beraz, prozesuak hainbat fase izango dituela iragarri dute. Lehenik eta behin, jendaurreko kontsultarako, 200 lan garaikide baino gehiago sartuko dira, disziplina askotarikoak: arte ederrak, arte aplikatuak, industria-ondareko dozenaka pieza, etnografiako ehun objektutik gora, XIX. mendeko marrazkiak eta abar. Eta ondorengo faseetan, online kontsulta daitezkeen objektuen kopurua pixkanaka hazten joango da.