Irungo EAJk bi asteotan erabiliko duen hauteskunde bulegoa estreinatu du hautagaiak Colon pasealekuaren 19 zenbakian. Alderdiko ordezkaritza zabala bildu da bertan. Hondarribiko Gonzalo Carrion eta Irungo Xabier Iridoy udal taldeetako bozeramale eta gainerako hautetsiez gain, Bakartxo Tejeria, Joseba Egibar edota Markel Olano hurbildu dira ekitaldira. Eta Pradales arraunlari ohia denez, kanpainaren lehiarako bi asteak Kontxako Banderaren bi igandeekin konparatu ditu bere hitzartzean. «Hau da Kontxako Bandera bezala, bi igande garrantzitsu eta sailkapena gaur bertan hasten da. Eta sailkatuak gaudenez, estropada irabaztera goaz», iragarri du.
Aldiz, metaforatik haratago, «ariketa demokratikorik sakonena» egiteko eskatu dio euskal gizarteari, parte hartzea «ongizatean hazteko eta nahi dugun etorkizuna eraikitzeko» inportantea delako.
Gazteleraz Euskadi hoebago bat ala okerragoa hautatzeko deia luzatu badu ere, euskarazko hitzartzean, aldiz, «ikusi, konparatu zer nolako proposamenak egiten dituen alderdi bakoitzak» eta hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak.