Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean, Irungo ijitoen belaunaldi gazteenek gogoratzen ez duten bezala, haien bandera Irungo udaletxeko balkoian zintzilikatzea lortu zuten. Irungo Udalak kolektibo honi bere babesa adierazi nahi izan dio aurten. Eta Nuria Alzaga zinegotzi sozialistak ere, Irun «inklusiboago» baten alde estereotipoak apurtzeko deia egin zuen. KERA eta KALE DOR KAYIKO ijitoen elkarteek beren partetik, «errekonomzimendu soziala lortu eta uste okerrak apurtzeaz gain, ijito eta euskadun izatea arrotasunez bizitzeko» deia luzatu zien ijito belaunaldi berriei.
Haien historia, kultura eta identitatea gorde eta ijito eta euskaldun izatea ezkondu daitezkeen gauzak direla aldarrikatu zuten. «Euskal Herriko dibertsitatearen mosaikoaren parte» direla azpimarratuz. Udaletxean bandera ezarri eta ondoren irakurritako manifestuan «ijito herriak etorkizun oparoa» duela iragarri nahi izan zuten, eta Kera elkarteko Palmira Dual Jimenezek bertan bildutako neska-mutil ijito gazteei «historiaren zama pisutsua» alde batera uzteko garaia dela aditzera eman zien, eta «norbere hautuak eginez nahi duguna izateko gai garela aldarrikatzeko ordua da, besteei baino gehiago kostatuko bazaigu ere», dio Kera elkarteko kideak.
Izan ere, manifestuan Kale Dor Kayiko elkarteko ordezkariein batera, ijito herriak bizkar gainean duen zama handia dela aitortu duten arren, «erresistentzia romania» egiten jarraitu beharra dagoela azpimarratu dute, eta gizarte hobeago baten alde eginez, eta «elkarbizitza, kulturaniztasuna eta errespetuan oinarrituta».
Historian zehar inbisibilizatu bada ere, naziengandik jasandako genozidioa ere pairatu zuen ijito herriak, bigarren mundu gerrako porraimos deitutako nazien pertsekuzioa. Horretan oinarrituta dago haien "Djelem, Djelem" Jarco Jovanovic yugoslabiar ijitoak sortutako ereserkia. Espainako historian ere, ijito herriaren kontrako 200 lege baino gehiago aplikatu izan zaizkiela gogoratu zuten, baina gaur egungo estereotipo gehienak diskriminazio horren ondorio badira ere, gauzak aldatu eta normalizatzeko beharra dagoela onartu dute. Herritarrei ez ezik, administrazio publikoari ere dibertsitatea eta elkarbizitzaren alde, estereotipoak apurtzeko lan egin dezatela galdegin dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako Neurtu azterketen emaitzek diote, euskal herritarren %91ak gutxi edo inolako harremanik ez duela ijitoekin. Eta %89ak gizarte kulturanitz batean bizitzea nahiago duela. Baina, aldiz berean, 10etik 7k baino ez dute begirunez ikusten dibertsitatea eskoletan lantzea.
«Ijito guztiak ez gara berdin» oroitarazi dute manifestuan. Palmira Dual Jimenezek, aldiz, argi du denek dutela «ijituen kontrako pertsekuzio eta legeen auzia gainditu beharra», eta bereziki emakume ijituek. Kera elkarteak hauek ahaldundu eta haien eskubideen alde lan egiten ari da Irunen 2016ean elkartea sortu zutenez geroztik. «Emakumeentzat kristalezko sabaiak badira gainditu beharrekoak, emakume ijitoentzat sabaiak hormigoizkoak dira, diskriminazioa hirukoitza pairatzen dugulako», azpimarratu du.
Dena dela, ijito herriak bere romanipen identitatea mantendu nahi du. Eta horri uko egin gabe, euskal gizartean eta munduan errespetuz eta aukera eskubide berberekin elkarbizitzea aldarrikatzen dute.