Irungo Udalak bertako ijito herria aintzat hartu, eta Kale Dor Kayiko eta Kera elkarteek euren bandera udaletxeko balkoian jartzeko luzatutako eskaera onartu egin du aurten. Aldiz, Irungo ijitoek romanipen identitatearen errespetua eskatu, eta kulturaniztasuna oinarri hartuta gizarte dibertsoaren parte direla aldarrikatzearekin batera, herritar eta instituzioen errekonozimendua eskatzen luze daramate Irunen.
Izan ere, Kale Dor Kayiko elkartea 2006ean sortu zen Irunen, eta Kera emakume ijitoen elkarteak 2013an hasi zuen bere ibilbidea. Palmira Dual Jimenez irundarra, ijitoa eta Kera elkarteko ordezkaria da. Eta aitortu digunez, «Irunen bazen garaia instituzionalki zerbait garrantzitsua egiteko, eta gure herriaren bandera udaletxean zintzilikatzea sinbolikoa baina inportantea izan da, bereziki Irunen bizi garen ijitoentzat».
Izan ere, kolektibo zabala osatzen dute «gizarteak ikusezin bilakatzen» baditu ere. Bidenabar, Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako azken inkesten arabera, herritarren %91ak aitortu du ez duela ijito batekin ere harremanik. Diskriminazioa eta jazarpena ijito herriaren historiaren parte direla dio Pamilak, baina garai berrietara egokitu eta ijito belaunaldi berriek estreeotipoak apurtu eta etorkizun oparoa daukatela. «Gure gazteak historian emandako ijitoen kontrako legeen fruitu dira. Oraindik ere diskriminazioa sufritzen dugu arlo guztietan: lanean, eskolan, medikuntzan, etxebizitzaren arloan… pentsatzen baduzu ongi, bizitza integral eta zoriontsu bat izatea oso zaila da ijito izanda, ijito izatea ez da erraza». Haien historiaren zama soinean daramatela, pigmaleon efektuaren biktima direla dio Pamilak.
«Gizarteak zer espero du ijito batetaz, lapurra izatea? Gazteek zer egin dezakete irudi hori aldatzeko?», galdetzen du. Eta erantzuna ere badu horretarako. Izan ere, ijito herria ezagutarazteko beharra dagoela pentsatzen du. Herri nomada izan da bere historian, identitate, kultura eta galzorian dagoen hizkuntza propioarekin, baina
«ijitoa non jaiotzen da gaur egun? Nongoa da?», dio Pamilak. Ba, ijito izatea harrotasunez bizitzeko deia luzatzen die Kera elkarteko kideak bere herrikideei. «Ijito izateak markatzen zaitu, baina ni ijitoa naiz eta euskalduna naiz ere», azpimarratzen du. Halere, ijitoek errekonozimendu beharra badute eta gauzak aldatzeko aukera, emakume ijitoen kasuan zailtasunak areagotzen ditela aitortzen du. «Emakume ez ijitoek kristalezko sabaiak apurtu behar dituzte, baina guk hormigoizkoa dugu. Halere, gure ametsak bete ditzakegu, gehiago kostatuko bazaigu ere», aldarrikatzen du Pamilak Dualek. Kera elkartetik emakume ijitoen eskubideak borrokatzen eta hauek ahalduntzen daramate hamarkada bete. Eta pixkanaka urratsak ematen ari direla uste du, nahiz eta erakunde publiko guztietan ijitoa ez da berdin kontuan hartzen.