Markak apurtu dituzte Aste Santuan gaztelekuek eta Oiasso Museoak

Antxeta Irratia 2024ko api. 11a, 10:52

Aurtengo lehen hiruhilekoan iazko datuak bikoiztu egin dituen Oiasso Erromatar Museoak, Aste Santuan ere %20 bisitari gehiago jaso ditu iaz baino. Bestalde, Martindozenea eta Artiako gaztelekuetan opor egunetan antolatutako jardueretan 433 gaztek parte hartu dute. 

Irungo Udaleko Kultura eta Gazteria arloetatik balorazio baikorra egin dute Aste Santuko opor egunetan antolatutako jarduerek izan duten jarraipenari buruz. Batetik, GazteARTEan zerbitzuaren programazio berezia antolatu zuten 'Udaberriko Oporrak' egitarauarekin, eta orotara 433 gaztek parte hartu dute hauetan. Martindozenea gaztelekutik 229 lagun pasa diren bitartean, Artiako gazteleku berriak bere martxa ona berretsi egin du ere, 204 gazte erakarriz.

Sergio Javier, Gazteriako udal ordezkariak azpimarratu duenez, «gazteen ahotsa kontuan hartzen saiatzen» ari dira arloan, eta proposatzen dituzten jarduera gehienak «entzuketa aktibotik» eratorriak dira. Izan ere, gaztelekuko begirale eta teknikariek egin nahi lituzketen ekintzak galdezkatzen dizkiete gazteei. Eta horretan oinarritzen dira gero programazioa osatzeko. Zentzu honetan, Udaberriko Oporrak programan antolatutako tailer eta jardueretan plaza guztiak bete egin dituztela nabarmendu du zinegotziak. 

Oraingo honetan Baztan eta Bertiz abentura parkeetara egindako irteera, gaualdia barne, eta Donostiara egindako irteera, Aquariumeko eta Canopy Donosti Abentura parkeko bisitak izan dira hobekien baloratuak izan direnak.

Oiasso Museoa etengabe ahazten

Era berean, Oiasso Erromatar Museoak ere %20 erabiltzaile gehiago bildu ditu Aste Santuan. Eta 2024ko lehen hiruhilekoan markak apurtu egin ditu. Orotara 11.448 bisitari jaso ditu, joan den urteko 5.069ko marka bikoiztuz eta gehiago. Honetan ere Aste Santu eta Pazko astean museoak tokiko haur, gazte eta familiei zuzendutako bisita gidatu eta tailer didaktikoek bere ekarpena egin dute. 552 lagunek parte hartu dute hauetan. Nuria Alzaga, Kultura zinegotziak aditzera eman duenez, bisitari gehien erakarri dituzten jarduerak "Emakume arkeologoak Gipuzkoan" erakusketa eta Arkeolab arkeologia tailerrak izan dira, baita Museoaren egoitzako erakusketa iraunkorra eta Ama Xantalen ermitako bisita gidatuak ere. Eta bisitarien gehiengoa gipuzkoarra izan dela nabarmendu du. 

Halere, espainiar estatutik (Madrildik, Kataluniatik, Gaztela eta Leondik...) Irunera eta gure lurraldeko beste leku batzuetara etorritako 60 urtetik gorakoen talde antolatuak jasotzen hasi da museoa. Eta horrek ere eragin du gorakadan.