Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Irungo saltoki eta ostatuetan delituak prebenitzeko hitzaldiak eman dituzte

Antxeta Irratia 2024ko api. 12a, 14:24

Bizikidetza eta Segurtasun Itunaren konpromisoetan oinarrituta, Irungo eragile desberdinekin antolatuko dituzten prebentzio programa abian jarri dute ostalari eta merkatariekin. Ohiko lapurretak prebenitzeaz gain, ziberdelitu eta iruzur arriskuak ere landu dituzte ostegunean egindako aurreneko saioan.  

Irungo Udaleko Herritarren Segurtasunerako arloak, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean, bi solasaldi antolatu ditu ostegunean hiriko saltoki eta ostatuetan delituei aurrea hartzeko neurriei buruz informatzeko. Palmera-Montero gunean egin ziren, eta hirugarren sektoreko 50 profesional bildu zirela ikusita, beharrezkoa zela ondorioztatu dute udal ordezkariek. Sergio Javier zinegotziak azaldu duenez, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek segurtasun gai orokorrez jardun zuten, eta, bereziki, establezimenduetan deliturik ez izateko prebentzio neurri eta tresnetan jarri zuten arreta. Besteak beste, arrisku egoerei aurre egiteko ohitura eta errutinak, eta enpresa txikien artean ohikoenak diren iruzur eta ziberdelituak zeintzuk diren argituz. Ondoren, ostalari eta merkatarien zalantzak argitu zituzten agenteek. 

Bizikidetza eta Segurtasun Itunaren esparruan antolatutako topaketa izan da honakoa. Eta Irungo udal talde politiko guztiek martxoaren 6an hitzartu zuten haritik, jarraipena izango du, jarduketa prebentibo, polizial eta judizialak landuz hiriko eragile eta kolektibo desberdinekin.